BILBO. Amaitu dira dagoeneko Miribilla eta San Adrian auzoen artean kokatuta dauden Emiliano Arriaga lorategietako lanak. Udalak 373.000 euroko aurrekontua bideratu du lan horiek egin ahal izateko, eta bost hilabeteko iraupena izan dute. Bertan aisialdirako, egoteko eta kirolerako eremu berri bat eraiki dira.

2019ko Parte-hartze Bidezko Aurrekontuetan lehenetsitako jarduketa bat da, eta beraren bidez Udalak auzoan jarduera fisikoa sustatu gura du, batez ere gazteen artean.

Emiliano Arriaga lorategia Martín Barua Picaza kaleak, Zumadi kaleak eta Mirafloresko errepideak mugatzen dute. Hiruki forma du, eta bide batek zeharkatzen du. Hainbat irteera ditu inguruko kaleetara.

Erdigunean, saskibaloi jokaleku bat ipini da eta umeen jolasgunea berriz jarri da; azken hori bazegoen lehendik, baina hobetu eta elementu berriak erantsi zaizkio.

Saskibaloi jokalekuak dimentsio ofizialak dauzka, eta oso-osorik itxita dago. Horrela, parkearen erabilerak independenteak dira, eta segurtasuna bermatzen da, ondotik ibilgailuen zirkulazioa baitago. Itxitura berezia eta metalezkoa da, balaustradak eratuko dituzten hodiez eraikia. Garaiera aldakorra du: 2,60 metro saskien eremuan (garaiena), eta 1,80 metro alboetan.

Egitura perimetralak bi ate dauzka, pistan sartzeko. Sarbide nagusia zolatutako zonan dago, kirol-pistarako proiektatutakoa baino kota baxuago batean. Desnibela berdintzeko, eskailera batzuk ipini dira. Alboko sarbide bat dago Martín Barua Picaza kaleko larretik datorren bide batetik; arrapala irisgarri bat dago horra heltzeko.

Jokalekua lau zutabe handiren bidez argiztatzen da, bakoitzak lau argi proiektore dituela.

Lorategi gunea instalazio berriari egokitu zaio, eta, hala, jokalekuak soropila izango du inguru guztian. Ezponda leun batean amaitzen da, inguruko larreekin bat egin arte.

UMEEN JOLASGUNEA

Umeen jolasgunean segurtasuneko gomazko zorua ipini da. Bertan, aurreko kokalekuan zeuden elementuetako batzuk jarri dira, eta beste berri batzuk gehitu zaizkio. Gomazko zoladuraren koloretako diseinua eta marrazkia koordinatuta daude saskibaloi jokalekuarenekin.

Hiri-altzariei dagokienez, iturria berriro ipini da. Bankuetako hiru ordeztu dira.

PARTE-HARTZE BIDEZKO AURREKONTUAK

Bilboko Parte-hartze Bidezko Aurrekontua bilbotar guztientzat zabalik egongo den prozesu bat da, Udalaren aurrekontuaren zati bat zertan erabil daitekeen proposatzeko aukera izan dezaten.

Bilboko Udalak bi milioi euro bideratu ditu Udal aurrekontuaren proiektua landu aurretik abiarazitako prozesuan jasoko diren proposamenetarako.