BILBO. Gaur goizean, martxoak 25, onartu egin da Euskal Herriko Unibertsitatearen Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriaren plan berezia. Bilboko Udalbatzarrak behin betiko onartu egin du proiektu honen Hiri Antolaketako Plan Berezia.

Dokumentua ekainean aurkeztu zen Plangintzako Aholku Batzordean, eta, ondoren, uztailaren 29an, Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman zion. Izapide horren ondoren, jendaurrean jartzeko aldia hasi zen eta aldi horretan alegazio bi egin ziren; gaurko osoko bilkuran ezetsi egin dira.

Plan Bereziak administrazio eskudun edo eraginpekoen aldeko txostenak dauzka. Zenbait moldaketa egin dira, alderdi formal eta sektorialen ondorioz, administrazio horien jarraibideak betez.

Zehazki, planaren aldeko txostena egin dute zenbait erakundek. Batetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko, Lurralde Plangintzako eta Etxebizitzako Sailak, eta Kultura Ondareak. Izan ere, Basurtuko Ospitalea ondasun kultural gisa kalifikatuta dago, Donejakue Bidearen monumentu-multzoaren barruan. Bizkaiko Foru Aldundiak ere aldeko txostena egin du, ospitalea foru errepideen zortasun akustikoko zonan dagoelako. Azkenik, ADIFek, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak, eta Eusko Jaurlaritzako Garraioaren Azpiegiturek aldeko txostena egin dute (eraikina FEVEren trenbidearen eta tranbiaren ardatzetik 75 metro baino hurbilago baitago).

Plan Bereziak, halaber, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena jaso du, eta Genero Inpaktuaren Ebaluazioa eta Hizkuntza Inpaktuaren Ebaluazioa dauzka.

Plan Bereziaren eremuak guztira 30.943,44 metro karratuko azalera dauka. Bertako lur-zatiak % 100ean publikoak dira. UPV/EHU, Osakidetza eta Bilboko Udala dira beraien titularrak.

Azalera hori hiru azpi-eremutan banatzen da:

1. azpi-eremua. Hemen fakultate berria eta ospitalearen zabalkundea egongo dira. Azken horrek sestra gaineko eraikigarritasuna 15.903 metro karratutan gehituko du, eta sestra azpikoa murriztu.

2. azpi-eremua. Kogenerazio-plantak okupatutako lurzorua da. Horrek indarrean dagoen HAPOan aurreikusitako eraikigarritasuna mantentzen du.

3. azpi-eremua, Kaputxinoetatik hurbilen dagoen espazioan. Hemen, sabai eraikigarria gutxitzea proposatzen da: indarrean dagoen HAPOan aurreikusitako 9.027 metro karratuetatik orain dauden 4.694 metro karratuetara, HAPO berriak antolamenduaren barruan mantenduz kontsolidatzen dituena.

Plan Berezian ezarritako helburuak:

  • Eremuaren antolaketa banakatua zehaztea, erabilera berrien definizioarekin: fakultate berrirako irakaskuntzako ekipamendua, ospitalearen zabalkunderako osasun-ekipamendua, espazio libreak eta berdeguneak, bideak.... Baita eraikin berrien lerrokadurak, sestrak eta bolumetriak ere.
  • Espazio publiko berri bat irekitzea -eremuaren ipar-ekialdeko zonan-, elkargune eta gelaurre bat izan dadin, bai fakultate berrirako bai ospitalerako.
  • Eraikuntza berriek Basurtuko Ospitalea eratzen duen monumentu-multzoa errespetatu dezatela.
  • Eraikuntza berri bat antolatzea energia-sorkuntzako instalazioa dagoen zonan -ospitalearen ipar-mendebaldeko lurzoruan-, etorkizunean handitu ahal izateko moduan, irakaskuntza-zentroei eta ospitaleari energia elektrikoa, beroa eta hotza hornitzeko helburuz.

ALEGAZIOAK

Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko Hiri Antolaketako Plan Bereziak jendaurreko informazioaren aldian jaso zituen bi alegazioak ezetsi dira gaurko osoko bilkuran.

Alegazioak Basurtuko Auzo Elkarteak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak aurkeztu zituzten. Biek ala biek Plan Bereziaren barruan berdeguneak areagotzeko eskatzen dute.

Alegazioak ez onartzearen arrazoia da plan honek ingurune horren hasierako egoera hobetzen duela, espazio libreen sistema berri baten 1.915 metro karratu gehitzen baititu, indarrean dagoen 1995eko HAPOan aurreikusi gabea (nahiz eta espedienteak inolako exigentziarik ez izan espazio libreei eta berdeguneei dagokienez, indarrean dagoen legeria autonomikoarekin bat etorriz).

Gainera, argudiatu da Basurtu-Garellano ingurunean HAPO berriak azaleraren % 17 bat erreserbatuko duela espazio libreen sistemarako, hau da, udalerriaren hiri-lur osoaren baliokidea den portzentajea.