BILBO. Urtero bezala, arratoiak hiltzeko udaberriko kanpaina jarri berri du martxan Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak. Karraskariak kontrolatzeko plan integralaren barruan kokatutako kanpaina hau uriko barruti guztietan egingo da, eta maiatzaren 12ra arte luzatuko da.

Urtean hirutan (udaberrian, udan eta udazkenean) egiten den kanpaina intentsibo horren helburua arratoien populazioan eragitea da, haien bizi-zikloaren arabera; izan ere, garai honetan, baldintza klimatologikoak eta ziklo biologikoa aldatu direnez, karraskarien populazioa handitu egiten da.

Jarduteko modua honako hau da: uriko inguraldetik erdialderaino, pertsonen eta hauei lagun egiten dieten animalientzat kaltegarria ez den arratoiak hiltzeko produktua arratoiek erabili ohi dituzten “txoko ekologikoetan” utziko dute; bereziki, saneamendu-kutxatiletan eta haien kokalekua hautematen den lekuetan.

Era berean, Bilboko Udalak herritar guztiei gomendatzen die 94 420 52 07 telefono-zenbakiaren bidez jakinaraztea inguruan karraskariak detektatzen badira, eta aholku erraz batzuk kontuan hartzea horiek ez ugaltzeko:

  • Ez bota hondakinik kalera, parkeetara, orubeetara eta bestelako inguruetara (patioak, lorategiak…). Erabili paperontziak eta edukiontziak.
  • Ez eman janaririk jaberik ez duten animaliei (katuak, usoak,…), arratoientzako janari bilaka daiteke eta.
  • Zaborra poltsa itxietan sartu eta poltsa bakoitza dagokion edukiontzira bota, finkatutako ordutegia beteta.
  • Ahal dela saihestu patio, lonja eta bestelako leku itxietako potxingoak eta ur-pilaketak; hartara, gutxitu egingo da intsektuak (eltxoak) eta arratoiak (ur hori edaten dute) agertzeko arriskua.
  • Etxea edo eraikinaren kontserbazio-baldintzak aldizka berrikusi eta baldintza egokietan eduki. Arratoirik ez sartzeko modurik onena sarbidea eragoztea da.

JARDUTEKO UDABERRIKO EGUTEGIA

  • 1. Barrutia (Deustu): Deustuko Doneperiaga, Deustuibarra, Arangoiti, Ibarrekolanda, San Ignazio, Elorrieta eta Banderas mendia: martxoaren 22an, 23an, 24an eta 25ean.
  • 2. Barrutia (Uribarri): Castaños, Loruri, Matiko, Uribarri, Zurbaran, Arabella eta Artxanda mendia: martxoaren 26an, 29an, 30ean eta 31n.
  • 3. Barrutia (Otxarkoaga-Txurdinaga): Otxarkoaga, Txurdinaga, Avril Mendia: apirilaren 6an, 7an, 9an eta 12an.
  • 4. Barrutia (Begoña): Begoña, Santutxu, Bolueta: apirilaren 13an, 14an, 15ean eta 16an.
  • 5. Barrutia (Ibaiondo): Uri Zaharra, Zazpi Kaleak, Iturrialde, Solokoetxe, Atxuri, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, Zabala, San Adrián, Abusu eta Miribilla: apirilaren 19an, 20an, 21ean, 22an eta 23an.
  • 6. Barrutia (Abando): Abando, Indautxu: apirilaren 26an, 27an eta 28an.
  • 7. Barrutia. (Errekalde): Ametzola, Iralabarri, Errekaldeberri, Larraskitu, Uretamendi eta Iturrigorri: apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 3an, 4an eta 5ean.
  • 8. Barrutia. (Basurtu-Zorrotza): Basurtu, Mazustegi, Olabeaga, Altamira eta Zorrotza: maiatzaren 6an, 7an, 10ean, 11n eta 12an.