BILBO. Bilbotarrek 6,79 punturekin baloratu dute segurtasunaren gainean daukaten pertzepzioa, Bilboko Udalak ezagutzera eman berri duen Segurtasunaren Pertzepzioaren eta Biktimizazioaren gaineko 2020ko Azterlanaren arabera.

Ikerfelek egin du azterlana, eta dokumentuak 6.962 pertsonako lagin bat aztertzen du, 16 eta 70 urte bitarteko pertsonek osatua, uriko barruti guztietako bizilagunek. Landa-lana, bestalde, telefono bidezko elkarrizketaz egin da, urteko hiru alditan: urtarrilean, maiatzean eta azaroan.

Lan horretatik heltzen da osasuna eta langabezia direla Bilboko herritarren ardura nagusia 2020an, segurtasuna baino lehenago; izan ere, 2019an, lehenengoa izan zen segurtasuna.

Zehazki, Bilbon herritarren segurtasunaren gaineko pertzepzioak ia 6,79 puntu lortzen ditu 10etik, 2019an baino bi hamarreko handiagoa. Hala, inkesta egin zaienen arteko % 74,8k uste du gure urian delinkuentzia gutxiago dagoela ezen ez Estatuko beste leku batzuetan, edo berdin.

Barrutirik barruti joanez, segurtasunaren pertzepzioa ere positiboa da; barruti guztietan erregistratu dira balore handiagoak ezen ez 2019ko azterlanean bildu zirenak.

  • Deustu: 7,19
  • Otxarkoaga-Txurdinaga: 6,92
  • Basurtu-Zorrotza: 6,89
  • Abando: 6,76
  • Uribarri: 6,75
  • Errekalde: 6,71
  • Begoña: 6,68
  • Ibaiondo: 6,56

Nabarmendu behar da zelan inkesta egin zaien pertsonen artean % 84,6k adierazi duten ezen, ahal izanda ere, ez luketela aldatuko bizilekua segurtasunaren kariaz Bilboko urian.

Laginean parte hartu duten 7.000 bizilagunen artean, % 92k adierazi du ez duela inoiz jasan deliturik edo delitua egiteko saiorik inkesta egin aurreko lau hilabeteetan.

Gainerako % 8aren artean, % 41k adierazten du salatu izan dituela jasandako gertaerak; salaketa aurkeztu zen kasuen arteko % 62,8an, Ertzaintzan, eta % 31,6an, Bilboko Udaltzaingoan. Salaketarik ez aurkezteko emandako arrazoien artean, nabarmentzekoa da, nagusiki, nola irizten zaion delituzko gertaerari berari ez oso garrantzitsua (% 46,3), eta nola uste duen % 48,9k salaketa aurkezteak ez duela balio ezertarako.

Hala ere, galdera orokorra eginik ea salatuko ote lituzketen gertaera horiek delituzko ekintza bat jasanez gero, herritarren artean ia % 92k baietz erantzun zuen.

BILBOKO UDALTZAINGOARI BIKAIN

Bilboko Segurtasunaren gaineko Pertzepzioari eta Biktimizazioari buruzko 2020ko Azterlanak ematen dituen datuen arabera, Uriko herritarrek 10etik 7,04ko ebaluazioa eman die Bilboko Udaltzaingoaren zerbitzuei.

Herritarren arteko % 18,1ek dio Bilboko Udaltzaingoari deitu diola edo haiengana jo izan duela azken urtean. Jasotako tratuari buruz, % 67,1ek dio ona edo oso ona izan dela, eta % 66k dio apur bat, nahiko edo oso gogobeterik atera zela salaketei edo agertutako arazoei edo kontuei eman zitzaien konponbidearekin.

Gainera, haien eraginkortasunaren balorazioa, joan deneko urteotan, hobetuz joan da, inkesta egin zaienen arteko % 47,3ren ustean.

Galdetu zaienean nolako maiztasunez ikusten diren udaltzainen patruilak beren bizilekuan, inkesta egin zaienen arteko % 57k uste du udaltzainak egunero edo ia egunero egoten direla beren kalean edo auzoan.

Izan ere, inkesta egin zaienen arteko % 61k uste du ezen, Bilbon, patruilak kalean presentzia handiagoa dutela orain ezen ez duela urte batzuk. Udaltzaingoaren presentzia kalean handiagoa izatea positiboa da herritarren % 83,2rentzat.