BILBO. Martxan dira dagoeneko Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak proiektu europarreko bitartekaritza laborategian parte hartzeko hautatutako 20 artista eta taldeentzako prestakuntza teoriko-praktikoko saioak. Bilboko Udalak parte hartzen du proiektu honetan.

Horien artean daude Nerea Lorente (Hortzmuga), Gloria Peón (LaGlo zirko danza), Maialen Cuevas (Malas Compañías), Endika Salazar (Cía Dikothomia), Amaia Vicente, Iru (Cía La Pez) eta Aratxo Angulo.

Europako gainerako parte-hartzaileekin batera, taldean lan egingo dute martxoaren 19ra arte, zirkuaren diziplina hirira hurbiltzeko eta zirku garaikidearen sorkuntza eta hedapena sustatzeko, zirkuko artistak babesteko ekintzen bidez, elkartasun- eta trebakuntza-harremanak sortuz eta sendotuz. Gainera, proiektuak bitartekaritza bultzatzeaz gain, zirkuaren diziplinartekotasuna sustatu nahi du, zabaldu eta pertsona eta kolektiboengana iristeko.

Hala, hautatutako artistek hiriko hiru talderekin lan egingo dute: Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatza; NEVIPEN, ijito herria integratzeko elkartea; eta ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea

Martxoaren 18an, ostegunean, 18:00etatik 20:00etara, bitartekaritza laborategi horren esku-hartze artistikoa izango da, Sala Rekalderekin lotutako proposamen batekin eta "Agustín Ibarrola, Naturalemente" erakusketarekin. Zirkuaren eta eskulturaren, pinturaren eta hitzaren arteko elkarrizketa izango du ardatz. Sarrera doakoa izango da aldez aurretik izena emanda, talde txiki batentzat, eta kultura segurua bermatzeko osasun-protokolo guztiak mantenduko dira. Gonbidapenak esteka honetan erreserba daitezke.

ZEHARKALDIA - ZIRKUKO PIRINIOAK

Zeharkaldia - Zirkuko Pirinioak lankidetza-proiektu bat da. Europar Batasunak finantzatzen du % 65ean FEDER Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren bidez eta Interreg V-A España-Francia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Ekimena zirkuko arteetarako mugaz gaindiko lankidetza ekimenaren barruan kokatzen da eta zortzi bazkidek osatzen dute, Pirinioetako alde bietako entitate publiko eta pribatuak. Bazkideen artean daude unibertsitateak (Tolosako Jean Jaurés), entseatzeko eta sortzeko lekuak eta fabrikak (adibidez, La Grainerie, Central del Circ), hedapenerako espazioak, eta alor publikoko entitateak, adibidez Bilboko Udala, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazioarteko jaialdia eta Zirkualde zirku-jaialdia antolatzen dituena, besteak beste