BILBO. Datorren askeazkenean, martxoak 17, VSB Talks ekimena jarriko du martxan Bilboko Udalak, VillasoundBilbao jaialdiaren barruan. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da, eta gaur egungo musikaren egoeraz hausnarketa egingo da bertan.

"Musikaren etorkizuna: zuzenekoaren eta sarearen artean" izenburupean, musikaren arloko zenbait eremutako 3 profesional gaztek euren ikuspegia eta esperientzia aurkeztuko dituzte. Hauek izango dira hizlariak: Sara Zozaya, abeslari eta konpositore donostiarra, 2 EPS bakarka argitaratu dituena; Lander Zalakain, Mungiako Belako taldeko bateria-jotzailea, duela gutxi bere lan berria argitaratu duena, Plastic Drama; eta Alex López, Dabadaba Donostiako kontzertu areto enblematikoko kidea, Elsa Records zigiluaren bultzatzailea eta Kokoschka taldeko bateria. Moderatzailea Lorea Argarate DJa eta VillaSoundBilbao jaialdiko epaimahaiko kidea izango da.

Zenbait gai jorratuko dira: zuzenekoen garrantzia, musikaren negozioa, zuzenekoaren esperientzia streaming bidezko kontzertuekin ordezkatzeko aukera eta sektoreak dituen erronkak. Sarrera librea, aforoa bete arte.

VILLASOUNDBILBAO JAIALDIA

VillasoundBilbao Talks (VSB Talks), apirilean eta maiatzean VillasoundBilbao jaialdiaren barruan egingo diren kontzertuen atarikoa izango da.

2021eko apirilean, Bilborocken 4 kontzertu egingo dira, eta horietan epaimahai aukeratutako 12 bakarlari eta talde gazte arituko dira. Kontzertu bakoitzean horietako hiru arituko dira talde gonbidatu banarekin: Aiko el Grupo, Depresión Sonora, Dupla eta Pantocrator. Kontzertuak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, lekua bete arte.

Bilborocken kontzertuen ondoren, 6 talde edo bakarlari VSB Mentoring prestakuntza-programa batean parte hartzeko aukeratuko dituzte. Laguntza-programa hori 2021eko maiatzetik urrira bitartean garatuko da, eta hautatutako talde edo bakarlarien beharrizanetara egokituko da. VSB Mentoring programak talde eta bakarlariak sustatu eta bultzatu gura ditu, tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez, euren jarduera profesionalizatu ahal dezaten.

Maiatzean, VillaSoundBilbao Fest jaialdiaren esparruan, hainbat kontzertu programatuko dira uriko hainbat gunetan. Gazteen musika-panoraman gora egiten ari diren 8 taldek beren sorkuntzak erakutsiko dituzte, emakumeen presentzia duten talde gazteen protagonismo sendoarekin eta musika-estilo anitzekin. Talde horiek musika-sektoreko profesional-talde batek aukeratuko ditu. Talde horrek programa bat osatuko du, une horretan nabarmentzen ari diren proposamen musikal askotarikoak eta heterogeneoak eta sortzen ari direnak bateratuko dituena, eta Bilboko publikoarentzat erakargarria izango dena.

Amaitzeko, VSB Tour egingo da. VSB Mentoring prestakuntzako eta lagun egiteko aldiaren ondoren, parte hartuko duten sei taldeetako bat Estatuko hiri batzuetan jotzeko aukeratuko dute. Lau kontzertuko bira izango da eta 2021eko azken hiruhilekoan gauzatuko da. Helburuak dira banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo proiektatzea.

OSASUN-SEGURTASUNEKO NEURRIAK

Jarduera guztiak gauzatuko dira unean-unean indarrean dauden segurtasun- eta higiene-arauak begiratuz. Sartu ahal den jende kopurua mugatuta egongo da, eta ikusleak jarrita egon beharko dira, eta maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da ekipamendu barruan, guzti-guztientzat, ikusle, artista nahiz Bilborockeko langileentzat.

Halaber, gerta liteke programa horiek aldatzea eta/edo bertan behera uztea ere, egoera sanitarioak eskatzen badu.