BILBO. Uriko etorkizuneko planak eta proiektuak Bilboko gazteekin batera definitzeko bilera batean parte hartu du Juan Mari Aburto alkateak. Bertan, gazteriaren itxaropen eta beharrizanak entzun ahal izan ditu, erantzun bat eman ahal izateko.

Gaurkoa izan da azkenengo topaketa Udalak berak iragan urtarrilean hasitako parte-hartze prozesu batean, eta 15 eta 30 urte bitarteko 40 gaztek parte hartu dute, eta 3 arlo eta 10 gai aztertu:

  • Gazteria emantzipatua: ekintzailetza, bizitza osoan zeharko formazioa, etxebizitza edota lana eta familiako bizitza uztartzea.
  • Gazteria aktiboa: aisialdia eta kirola.
  • Gazteria konprometitua: boluntariotza, ingurumena eta feminismoa.

Prozesu honek Europar Batasuneko Erasmus + programaren konfinazioa du.

Parte-hartze prozesu osoaren emaitzak "Bilbo, Hiri Gaztea 2021-2023" gazteentzako udal-estrategia eratuko du. Estrategia hau lehentasunezko eginkizuna da Udalaren agintaldi-planaren barruan."Helburu nagusia da Bilbo hiri erakargarria izan dadila gazteentzat, eta berton euren bizitza-proiektua garatu ahal izatea (prestakuntza, lanerako eta/edo ekintzailetzarako aukerak, etxebizitza eta aisia)".

Aburto parte hartzaileei zuzendu zaie honako hau nabarmentzeko: "helburu zeharkako handi bat da, eta ezin dugu lortu zuei bizkarra emanda. Ezin ditugu gure planak edo proiektuak eratu zuei entzun barik, zuen beharrizanak eta itxaropenak kontuan hartu barik; zuen ideiak eta proposamenak aintzat hartu barik".

Azkenik, Aburto alkateak konpromisoa hartu du gazteei aktiboki entzuteko eta haien parte hartzerako espazioak eta prozesuak antolatzeko geroan ere.

HASIERAKO ONDORIOAK

Gaur arratsaldeko saioa aurrez aurrekoa izan da aldez, eta telematikoa aldez; gazte gehienek online parte hartu dute, eta, beste 9 gaztek, gai bakoitzeko eta adin-tarte bakoitzeko batek (15 eta 18 urte bitartekoak; 19 eta 25 urte bitartekoak; eta 26 eta 30 urte bitartekoak izan dira adin-tarteak), urtarrilaz geroztik egiten ari diren saioetan ideia nabarmenenak aurrez aurre azaldu dituzte.

Lehen ondorio horien arabera, gazteek beren bizitzak garatzeko leku gisa oso ondo balioesten dute Bilbo. Berdintasuna eta jasangarritasuna dira hobekien baloratutako esparruak 3 adin-taldeetan, eta etxebizitza da hobekuntza-tarte handiena duena, batez ere 19 urtetik 30 urtera bitarteko gazteen artean.

15 eta 18 urte bitarteko adin-tarte gazteenean, nabarmentzekoa da aire zabalean eta euritik babestuta elkartzeko espazioak prestatu eta mantendu behar direla, kirola egin ahal izateko eremuak, hala nola bidegorriak, pilotalekuak edo kantxak. Azkenik, hausnarketarako guneak ere eskatu dituzte, hezkuntza formalaren edukiaren barruan.

Emantzipazioak, hiriaren ongizateak eta ingurumenaren jasangarritasunak kezkatzen ditu 19 eta 25 urte bitarteko gazteak. Kirola eskatzen dute elkartzeko eta gozatzeko leku gisa. Arte eszenikoei dagokienez, espazio publikoa malgutu eta agertoki artistiko bihurtzearen aldekoak dira, baita artista gazteen lana ikusgai jartzearen aldekoak ere. Proiektu profesionalak abiarazteko eta berritzeko espazioak izateko beharra nabarmendu dute.

26 eta 30 urte bitartekoen artean, enplegua eta etxebizitza eskuragarriagoak eta jasangarriagoak izatea eskatu dute. Hiria eraldatzearen alde egin dute, non oinezkoek, bizikletek eta berdeguneek espazioak irabaziko dituzten eta auzoetan alderdi komunitarioak bultzatuko diren.

Aurrerantzean, Udalak gazteentzat izango duen estrategia lantzeko eginkizuna fase berri batean sartuko da: emaitzak analizatzea eta "Bilbo, Hiri Gaztea 2021-2023" izeneko atzenengo dokumentua idazteko balorazioak egitea; dokumentu hori datozen hilabeteetan aurkeztuko da, eta Udalak gazteei buruz izango duen jarduna gidatuko du agintaldia amaitu artean.