BILBO. Euskarazko aisialdia sustatzea helburu duen Bilboko Udalak martxan jarritako Darabilbo programak doako zortzi jarduera eskainiko ditu martxoan.

Tailerrak datorren barikuan hasiko dira, martxoak 5, eta martxoaren 31n amaituko, eguaztenarekin. Ohikoa denez, eskaintzaren barruan, gastronomiazko tailerrak, artisautzazkoak eta era bateko eta besteko hitzaldiak daude. Datorren martxo honetan, gainera, Darabilbo programaren barruan bi tailer eskainiko dira, 45 minutukoak, familiak euskaraz dibertitu ahal izateko elkarrekin.

Eskaintza osoa eta informazio gehiago Darabilbo programaren webgune ofizialean.

Euskarazko doako jarduera horietan parte hartzeko baldintza bakarra da Darabilbo-ren web-orrian Darabilbo izena ematea eta 16 urte beteta izatea (familiako jardueretan izan ezik).

Jarduera guztiak unean uneko osasun-segurtasuneko neurrien eta gomendioen arabera egingo dira, eta, horregatik, gerta liteke eskaintza aldatzea.

DARABILBO

Darabilbo Bilboko Udalaren programa bat da, Bilboko Euskaltegien Sarearekin elkarlanean landua, eta helburua da aisialdian euskararen erabilera sustatzea, bai hizkuntza ikasten ari diren pertsonen artean, bai euskaraz bizi gura dutenen artean.

"Darabilbo" 2013an abiatu zen, eta, harrezkero, programan askotariko jarduerak sartu ohi dira. Jarduerak taldean egiten dira urteko hilabete guztietan (uztaila eta abuztua izan ezik) eta hiriko barruti guztietan.

Horrenbestez, parte-hartzezko ekimena da guztiz, bai garapenean, bai diseinuan, erabiltzaileek eurek jarduerak proposatu ahal dituztelako, programari eransteko. Proposamenak whatsapp-ez egin daitezke, 607 530 132 telefonoan.