BILBO. Zabalik dago jada Bilboko Udalak Aste Santuan umeei bideratutako aisialdi programa ezberdinetan izena emateko epea. Bi ekimen jarriko dira martxan: alde batetik udalekuak, zeinak 699 plaza eskainiko dituzte, eta bestetik, 'Aste Santuan primeran kirola eginez' programa, 882 plaza eskainiko dituenak.

Bilboko Udalaren helburua da laneko eta familiako bizimodua uztartzen laguntzea, eta, aldi berean, lekuak eta aukerak eskaintzea umeek trebetasun berriak eta jokoak ezagutzeko eta beren inguruetako adingabeekin harremanak izateko.

UDALAREN UDALEKUAK UMEENTZAKO

Udalaren umeentzako udalekuak 3 eta 11 urte bitarteko adingabeentzat dira (2009tik 2017ra bitartean jaiotakoentzat).

Jardueren gaiek Uria izango dute ardatz, eta kaleen plakekin, Bilboko zubiekin edo Bilboko Guggenheim Museoko hamarratzarekin edo Puppyrekin zerikusia duten jarduerak izango dira. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.

Jarduerak, beraz, Deustu, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Zazpi Kaleak, Abando, Irala, Basurtu, Zorrotza eta Abusu-La Peñako udaltegietan gauzatuko dira; Abusu-La Peñakoan, gainera, lehenengo bider izango da programa horretarako lekuak eskainiko dituena. Jarduera gehienak dena delako Udaltegiaren inguruetako gune zabaletan izango dira, hala nola Europa edo Etxebarria parkeak, Areatza edo Olabeaga pasealekua.

Gaur hasi eta martxoaren 2ra arte egin ahal izango da aurreinskripzioa, 94 4 010 010 (010) telefonora deituta edota udalaren webgunean. Plazak zozketa baten bidez esleituko dira, martxoaren 3an. Zopzketaren emaitza hurrengo egunean, martxoaren 4an, kontsultatu ahal izango da izena emateko erabilitako bide beretan.

Plaza formalizatzeko ordainketa egin behar da martxoaren 4tik 8ra bitartean. Asteko prezioa 16,40 eurokoa da; familia ugarientzat, 12,30 eurokoa; eta Diru-sarrerak bermatzeko Errenta jasotzen duten familientzat, 6 eurokoa.

"ASTE SANTUAN PRIMERAN KIROLA EGINEZ"

Bilboko Udalak "Aste Santuan primeran kirola eginez" aisialdiko programa osasungarrian izena emateko epea ere gaur hasi du, 882 plazarekin, 6 eta 13 urte bitarteko umeentzat; aukera izango dute kirol batean eta bestean aritzeko, hala nola badmintona, saskibaloia, areto-futbola, areto jockeya, uretako jokoak edo aretoko beste joko batzuk. 42 plaza, bestalde, dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat dira.

"Aste Santuan primeran kirola eginez" programa, beraz, martxoaren 29an, 30ean eta 31n, eta apirilaren 6an, 7an, 8an eta 9an gauzatuko da, Deustuko, San Inazioko eta Txurdinagako kiroldegietan, 9:00etatik 14:00etara, sartzeko ordutegi malguarekin, 8:30etik aurrera.

Izena Bilbao Kirolak-en web orrian helbidean eman behar da, egun bakoitzerako, eta baita ere kiroldegietako salmenta makinetan, gaurtik, otsailak 26, aurrera, Bilbao Kirolak-en abonatuak diren pertsonentzat, 10,40 euroko prezioan, eta martxoaren 1ean, eguenarekin, Bilbao Kirolak-en abonatuak ez diren pertsonentzat, 12,50 euro eguneko.

42 plaza dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat izango dira, San Inazioko kiroldegian. Kasu horretan, izen-ematea Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren bitartez egingo da, 622 022 063 telefonora deituz.

Hala Umeentzako Udalaren Udalekuak nola "Aste Santuan primeran kirola eginez" programa unea-unean indarrean diren segurtasun sanitarioko neurriei jarraituz gauzatuko dira; hala, egoerak eskatuz gero, gertatu liteke programak aldatzea eta/edo bertan behera uztea.