Ostiralean, 12:00etatik aurrera

'Bilbo Balioen Hiria' webinarra antolatuko du Udalak

26.02.2021 | 11:35

BILBO. 'Bilbo Balioen Hiria' izeneko webinarra ospatuko du Bilboko Udalak gaur bertan, otsailak 26, 12:00etatik aurrera. Udalak ekimen hau antolatu du Bilbao Metropoli 30 elkartearekin batera. Ekimen honen helburua zenbait sektoretako tokiko entitateetan balioen garapenaren inguruan egiten diren jardunbide egokietako batzuk ezagutzera ematea da.

Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak jardunaldiari hasiera emango dio. Haren ondoren, Igurco centros gerontológicos, Biscay Bay Startup Campus, Wats team, Cobizi, Etikalia, BasquePRO Elkargoak eta Formarte entitateetako ordezkariek zeinek bere kasu praktikoa azalduko dute, lanbide- eta enpresa-munduan balioak sustatu eta bultzatzearen adibide gisa.

Hitzaldien ostean, galdera-txanda bat hasiko da, gonbidapenaren bidez webinarrean parte hartzera animatu direnentzat. Gonbidatutako pertsona eta entitateak Bilboko Balioen Gutunarekin bat egin dutenak eta uriaren balioak sustatzean paper garrantzitsua jokatzen dutenak dira.

Jardunaldia zuzenean emango da udalaren web-orrian; hala, nahi duenak jarraitu ahalko du.

BILBO BALIOEN HIRIA

Bilbo Balioen Hiria proiektuaren bidez, analisi, elkarrizketa, gogoeta eta elkarlanerako espazio bat sortu da erakunde, gizarte-entitate, enpresa, hedabide, ikastetxe eta herritarrentzat, Bilbo hirian balio partekatuen esparru bat sustatzeko.

Herritarrek parte hartzeko prozesu bat egin ostean, Bilboko Udalbatzarrak, 2018ko martxoaren 22ko osoko bilkuran, Bilboko Balioen Gutuna onartu zuen. Agiri horretan, gizartearen ustez elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak (norbanakoarenak eta kolektiboak) jasota daude.

  • Giza Eskubideen errespetua, justizia soziala, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, elkartasuna.
  • Aniztasuna/inklusioa, konpromisoa, ingurumen-jasangarritasuna.
  • Partaidetza, konfiantza, sormena, elkarbizitza, nortasuna, esfortzua.
  • Erantzunkidetasuna, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.

Programak, gainera, "Balioak Garatzeko Plan" bat dauka. Hau da, dokumentu dinamiko eta malgu bat. Bertan, 3 ardatz estrategikoak (Udala, Agiria eta Sariak) eta 2019-2023ko "Balioen Agenda" daude, ardatzetako bakoitzean datozen urteetan garatu behar diren ekintza espezifikoekin. Azken helburua da herritarren eguneroko bizitzan "Bilboko Balioen Gutunean" jasotako 17 balioak txertatzea.

noticias de deia