#BilbaoNegua2021 ekimena

Urian kulturaz gozatzeko 30 hitzordu proposatu ditu Bilboko Udalak

13.02.2021 | 04:00

BILBO. Bilboko Udalak #BilbaoNegua2021 ekimenaren barruan antolatutako programazio zabala aurkeztu egin du.Astelehen honetan hasita, otsailak 15, eta igandera arte, hilak 21, bilbotarrek adin eta gustu guztietako jendearentzat prestatutako 30 ekintzez gozatu ahal izango dute. 

Bilboko Udalak Bilboko auzoetara urreratu ditu berriro kultura eta aisialdia, #BILBAONEGUA2021 kulturako eta aisialdiko ekimenarekin, zeina adin eta gustu guztietako jendearentzat prestatu baita. Aste honetarako eskaintzan badira 30 hitzordu.

Otsailerako eta martxorako programazio berri honekin, Udalak berriro ere egingo du apustu sendo bat eskua kultur sektoreari luzatzeko, bera izan baita zigortuenetakoa joan diren hilabeteotan, eta lehentasuna emango die tokiko kultur eragileen lanari, jende kopuru mugatua izango duten ekitaldiak programatzeko, eta betiere publikoa eserita dagoela eta zorrotz-zorrotz betetzen direla higiene eta segurtasun protokolo guztiak, agintari eskudunek gomendatuak, ekitaldietara joango diren guzti-guztien osasuna bermatzeko.

Otsailaren 15etik 21era arteko programazioa:

1. BARRUTIA

SAN INAZIO – IBARREKOLANDA UDALTEGIA

  • Expodistrito (otsailaren 19ra arte)

Expodistritoko erakusketa ibiltariek San Inazioko udaltegira eroango dute José Angel Tejeroren erakusketa. Obra hauek olio puntillistare teknikarekin daude eginak. Bizitzari begiratzeko modu bat da, margolaritzatik hasi eta artearen perfekziorainokoa. Puntillismoa margolaritzako gurutze-puntutzat jotzen da, eta, beraren bidez, margolana goratu egiten da, fantasia handia eragiten da margoan, eta mihisearen perfekzioa maila handietara jasotzen. Sarrera doakoa da.

  • Argazkineta (otsailaren 26ra arte)

Argazkineta, bestalde, herritarren parte-hartzerako ekimen bat da, auzoen azken garaietako historia berreraiki eta sakondu gura duena, Bilboko auzoetako bizilagunek emandako dokumentazioarekin eta testigantzekin. Iazko urrian, furgoneta bat abiatu zen Sarriko, Ibarrekolanda, Elorrieta eta San Ignazio auzoetako kale eta plazetan zehar, hainbat material bildu eta digitalizatzeko: argazkiak, negatiboak, diapositibak, kartelak, bonuak, posta-txartelak, prentsa-zatiak, aldizkariak, panfletoak, mapak, bideoak eta idatzitako dokumentuak. Otsailaren 26ra arte, bildutako material guztia San Inazioko udaltegian egongo da erakusgai, eta han ikusi ahal izango da nola aldatu diren espazioak, ohiturak, tradizioak, herritarrak eta nola igaro den denbora. Erakusketa, ikusi nahi dutenentzat, doan izango da, eta astelehenetik ostiralera egongo da irekita, 8:30etik 20:30era.

2. BARRUTIA

CASTAÑOSEKO UDALTEGIA

  • Bilboko Zirkuitua (otsailaren 19an, 19:00etan)

Bilboko Zirkuituaren XX. denboraldiak tokiko antzerki-taldeen jarduera sustatzen du; gehienak amateurrak edo erdi-profesionalak dira. Otsailaren 19ko hitzordua (barikua), Asuntos Propios konpainiarekin izango da, "Psicolabis" antzezlanarekin. "Psicolabis" 2020an sortu zen. Komedia hutsa da, amarrurik eta iruzurrik gabea, gure garaiotan hain beharrezko eta gomendagarria. Hitzordu guztiak 19:00etan hasiko dira. Dohainik dira, baina gonbidapenak erreserbatu behar dira nahitaez, emanaldiaren egun berean 688 603 737 telefonora deituta.

3. BARRUTIA

OTXARKOAGAKO UDALTEGIA

  • Expodistrito (otsailaren 19ra arte)

Expodistrito ekimena Otxarkoagako Udaltegian izango da, "Vidas resilientes" erakusketarekin, zeina UNICEF-ekin batera elkarlanean sortua izan baita; 18 argazki dira, Mauritaniako neskato-mutikoen erretratuak eta haien kontakizunak agertzen dituztenak. Kontakizun horietan, haien errealitatea kontatzen da, betiere bizirik irautea eta poza direla abiaburu. Sarrera doakoa da.

4. BARRUTIA

BEGOÑAKO UDALTEGIA

  • Expodistrito (otsailaren 19ra arte)

Expodistritoren aldi baterako erakusketen zikloa Begoñara iritsiko da bere erakusketa ibiltariekin. Kasu honetan, Victoria Escaladaren margolanen txanda izango da. Erakusketa honetan ikusi ahal izango diren obrak olio-margolanak eta erretratuak dira. Olio-margolanetan hainbat gai erakusten dira, baina ura ageri den koadroak dira nagusi: itsasadarra, itsasoa edo euria; batez ere, gertu-gertuko lekuen irudiak dira, Bilbo eta inguruetakoak. Sarrera doakoa da.

  • Bidaiarien txokoa (otsailaren 16a, 17a eta 18a)

Bidaiarien txokoak Begoñako Udaltegira eroango du bidaien eta abenturen gaineko ikuspegi gertuko eta desberdin bat. Sarrerak doan dira, baina nahitaezkoa da emanaldiaren egunean bertan gonbidapen baten erreserba egitea, 688 603 737 telefonora deituta.

Otsailaren 16an, martitzenean, "Islandia, abentura lurraldea. Euskal Baleazaleen arrastotik" izeneko zikloarekin emango zaio hasiera (Arturo Martínez, subealabici). Zuzendariak, ondoren, hitzaldi bat emango du. 1615ean, Islandiako ipar-mendebaldeko fiordoetan, 32 gizon baleazale euskaldun hil ziren. Zertan zebiltzan han? Zer gertatu zen? Nondik abiatu ziren hara? Galdera horiek izan ziren proiektu horren abiapuntua, eta Euskal Herriko eta Islandiako itsasalde guztian ibili da (Euskal Herria baita baleazale haien sorlekua, eta Islandia gertaeren lekua). Martínezek historiazko eta kulturazko abentura hori emango du ezagutzera Euskal Herriko eta Islandiako itsasaldeetan, bizikletaz joanez batetik bestera.

Otsailaren 17an, "Minca, ekologiaren paradigma" izango da proiektuko sujeta; Kolonbiako Sierra Nevada mendilerroa ematen du erakustera, zeinean tribu eta familia indigenak bizi baitira. Hango bizilagunek inguruari dioten amodioa eta naturari dioten begirunea ezagutu nahirik, Unai Madariaga harantz abiatu zen, eta Mincara iritsi. Han, pertsona batzuekin eta besteekin berba egin ostean, konturatu zen Kolonbiako hiriburu ekologikora iritsia zela.

Eguenean, Bilbao Mendi Film Fest jaialdian parte hartu duten bi titulu proiektatuko dira. Lehena, "L'escalade Libérée" izeneko dokumentala izango da, Benoît Regord-ena. Antoine Le Menestrel eskalatzaile aitzindaria da, maila oso handikoa. Berrogeita hamabost (55) urte beteak, egiazaletasun osoarekin eta sentikortasun handiarekin ematen du erakustera nola bizi duen eskalada, eta nola aldatu den harekin duen harremana denborarekin. Bigarren filma "Salto is the King" da, Pavol Barabaš´-ena. Munduko ur jauzirik garaienetan rappel egitea da eslovakiar lagun talde baten erronka handia: True de Fer eta Bras Magasin, Reunion uhartean, Tugela, Hego-afrikan eta Salto Ángel, Venezuelako Amazonian. Atzenengo aipatua ikaragarriena. Taldea 2018aren hasieran iritsi zen hara, euriteen sasoi bete-betean, ibaia hazi-hazita egoten denean, eta rappel egiten saiatu zen orduan.

BERRIOTXOA IKASTETXEKO HITZALDI ARETOA

  • Bidaiarien txokoa (otsailaren 19a. 19:00etan)

Otsailaren 19an, "Cholitas" emango da, BBK Mendi Film jaialdiaren atzenengo edizioan epaimahaiaren saria irabazi zuena. Dokumentala Jaime Murciego eta Pablo Iraburuk zuzendua da, eta bost emakume boliviar indigena agertzen dira filmean, espedizio guztiz berezi batean. Amerikako mendirik garaienera igoko dira, liberazio eta ahalduntze ekintza gisa. Irudi ikaragarriak ageri dira: gona tradizionala jantzita igoko dira. Ez dira eskalatzaile soilak: emakume ausartak dira, libre, zoriontsu eta bizirik sentitzeko leku bat bilatu nahi dutenak mendian. Abentura horrekin, emakume izateko modu inspiragarri bat erakutsiko diote mundu osoari, tradizioa bizitzeko eta ama lurrarekin harremana izateko modu berezi bat. Sarrerak doan dira, baina nahitaezkoa da emanaldiaren egunean bertan gonbidapen baten erreserba egitea, 688 603 737 telefonora deituta.

5. BARRUTIA

SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA

  • Expodistrito (otsailaren 19ra arte)

Expodistrito ekimenak Ibaiondoko barrutiko bizilagunei eskainiko die "Flujo" izeneko erakusketa, Javier Merinorena, San Frantziskoko udaltegian. Argazkigintzako proiektu honek bidaia bat egiten deneko hasierako ziurgabetasuna erakusten du, zerk eragiten duen bidaia hori esperientzia erabat ez-ziurra izatea. Pertsona batzuk, bakarka abiatzen direnak norabait, hainbat arrazoi tarteko, baina bihurtzean maite dituztenen abegi ona aurkituko dutenak, haien etorrera pozez ospatzen delarik. Gainera, badira pertsonak bidaiatze hutsaz gozatzen direnak, inolako ardurarik gabe bihurtzeko data dela-eta, inolako ardurarik gabe iristean aurkituko dituzten pertsonak direla-eta.

BILBAOARTE

Otsailaren 15ean, 19:00etan. BilbaoArtek film bat proposatuko du, "El ídolo caído", Carol Reed-ena, jatorrizko bertsioan. Sarrerak telefonoz erreserbatu behar dira, 944155097 telefonoan, filma proiektatzekoa den egunean bertan 9:00etatik aurrera eta saioa hasi baino ordubete lehenagora arte.

Otsailaren 19an, 19:00etan.Zinema izango dugu, ostera ere, Robert Hamer-en "Ocho sentencias de muerte" filmarekin. Sarrerak telefonoz erreserbatu behar dira, 944155097 telefonoan, filma proiektatzekoa den egunean bertan 9:00etatik aurrera eta saioa hasi baino ordubete lehenagora arte. Informazioa hemen dago eskura: hemen

Horrez gain, otsailaren 19an hasi eta martxoaren 18ra arte, Estibaliz Sádaba Murguíak, 2020an BilbaoArten artista egoiliarretako bat izan zenak, Desdoméstica lana erakutsiko du Urazurrutia Aretoan. Bideo eta fotografia erakusketa hau otsailaren 19an inauguratuko da, 19:00etan, eta sarrera librea izango da, eta jende kopurua mugatua.

BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIA

  • Bidebarrieta Kulturgunea (otsailaren 16an, 19:00etan)

Bidebarrieta Kulturgunean "El lunes que nos querrán" aurkeztuko da, Najat El Hachmi-rena, 2021eko Nadal Saria irabazi duen idazlearena.

Najat El Hachmi idazleak, "El lunes nos querrá" lanean, hamasei urteko gazte baten istorioa kontatzen du: askatasuna nahi du, zoriontasuna zerk ekarriko dion jakitearren. Baina abiaburuko baldintzak zailak dira. Inguru itogarri batean bizi da, eta gaitza izango du handik ateratzea prezio handiegi bat ordaindu gabe. Egun batean, neska bat ezagutuko du, eta haren gurasoek beste era batera bizi dute kultur nortasuna, komunitatean gainerakoek izan ohi dituzten lokarriak gabe: horixe da, hain zuzen, bere irritsa. Miresgarri zaizkio bere lagun berri horrek emakume moduan lehenengo erronkei ekiteko ageri dituen bizitasuna, poza eta ahalegina, eta haren urratsen atzetik joatera bultzatuko dute. Aurkezpen horretara joateko, ezinbestekoa izango da gonbidapenetako bat erreserbatzea hemen

  • Bilbo Jazz Barrutia (otsailaren 19an, 18:30ean)

Bilbao Distrito Jazz ekimena Bilbaina Jazz Clubekin elkarlanean antolatua da, eta Uriko auzoetara eroango ditu formatu txikiko kontzertuak eta genero horretako artista ospetsuenak. Otsailaren 19an, Ángel Celada Slow Trío taldearen txanda izango da. Ángel Celada bateria-jotzailea da Euskal Herrian musika modernoaren arloko musikaririk ospetsuenetakoa, eta Carla Sevillaren ahotsarekin eta Marcos Salcines piano-jotzailearekin aurkeztuko du proiektu fin hau. Sarrerak helbide honetan daude, bost euroko prezioan.

BILBOROCK

Otsailaren 19an eta 20an, 19:00etan. Bilborock Aretoan Bataklan Kabaret ikuskizuna izango da. Gau batean, Bilbon, 1935. urtean, Bataklan Kabaretek bere argizko kartela piztu zuen fatxadan, Pariseko giro dotorea Bizkaiko hiriburura ekartzeko asmoz, etortzekoa zen tragedia aurreikusi barik...Errautsetatik berpiztutako zeremonia-zuzendari bat, orkestra, kabareteko neska alaiak eta izar nagusi paregabea agertuko dira oholtza gainera, publikoa asaldatuz.Teloia altxatutakoan, elkarrizketak, abestiak eta kritika sozialez beteriko kabaret saioak tartekatuko dira. Sarrerak bi euroan salduko dira, eta Kutxabank-eko webgunean eta kutxazain zerbitzu anitzetakoan eskuratu ahal izango dira.

6. BARRUTIA

CAMPOS ELISEOS ANTZOKIA

Otsailaren 15ean eta 16an. Saio bikoitza, 11:30ean eta 17:00etan. 3 eta 11 urte bitarteko umeek Irrien Lagunak taldeak eskainiko dituen antzerki-saioez gozatzeko aukera izango dute Campos Antzokian. Tiritatxo bere kontsultan dago eta Martinber korrika sartuko da bertara, gutun bat eskuan daukala. Zer gertatzen da? Gutuna bere lagun batena da, eta zoriondu egin du, 10 urte bete dituelako. Eta jaialdira joango dela dio! Tiritatxo eta Martinber gidari direla, Irrien Lagunak kontsultatik pasako dira, jaialdirako proposamenak egiten. Sarrerak bi euroan dira, eta Kutxabanken webgunean eta kutxazain zerbitzu anitzetakoetan daude salgai.

BILBOKO ELKARTE FILARMONIKOA

  • Bilbainadak (otsailaren 20an eta 21ean)

Bilbainadak ere badira #BilbaoNegua2021 ekimenaren programazioan. Zapatuan, otsailak 20, 12:00etan, Los Cinco Bilbainos taldearen txanda izango da, eta otsailaren 21ean, domekan, 12:00etan, Los Txikisena. Sarrerak bi euroan dira, eta Kutxabanken webgunean eta kutxazain zerbitzu anitzetakoetan daude salgai.

  • Zarzuela (otsailaren 20an eta 21ean)

Otsailaren 20an eta 21ean, 19:00etan, eta Zabalguneko Abesbatzarekin elkarlanean antolatuta, zarzuela antzeztua izango dugu Bilboko Elkarte Filarmonikoan, "Si las mujeres mandasen" zarzuelarekin. Giro bohemioko entsegu-lokal batean, konpainia batek obra baten antzezpena prestatzen du (komedia liriko antzeztua), lirikako (zarzuela) obra esanguratsuenak bisitatuz: Pablo Sorozabal, Jacinto Guerrero, Amadeo Vives, eta beste batzuen lanak. Sarrerak bi euroan dira, eta Kutxabanken webgunean eta kutxazain zerbitzu anitzetakoetan daude salgai.

AZKUNA ZENTROA

Azkuna Zentroak, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, #BilbaoNegua2021-en parte hartzen du, hainbat diziplina biltzen dituen programazio batekin (arte bisualak, zinema, literatura, edo ikus-entzunezko arteak). Aste honetarako, BideOtik, ikus-entzunezko bidezko beste kontaera batzuei erreparatuz, eta Euskal DiseinuAZ, diseinuko sorkuntza-prozesuak proposatzen ditu, otsailaren 11rako.

ARRIAGA ANTZOKIA

Otsailaren 18an, 19:00etan. Metamorphosis Dance biluzik, Iratxe Ansa-rena eta Igor Bacovich-ena. Ikuskizun zail eta dinamiko bat, non jariotasunez batzen diren musika eta mugimendua. Informazio gehiago hemen

Otsailaren 19an, 19:00etan. Oraindik aurkitu gabeko herrialde bat, zeinaren mugetatik ez baita ezein bidaiari itzultzen, Álex Rigolaren ikuskizun bat da, heriotza eta bizitza dituena gai, eta baita ere indibidualismoa, neoliberalismoa, familia, zer immaterialak, humanitatea, taldetasuna, existentzialismoa, bizirik irautea, adiskidetasuna eta maitasuna. 

7. BARRUTIA

ERREKALDEKO UDALTEGIA

  • Errekaldeko IX. Umorezko Antzerki Erakustaldia (otsailaren 19an, 19:00etan)

Errekaldeko IX. Umorezko Antzerki Erakustaldiaren bederatzigarren edizioa dator Errekaldeko Udaltegira, "Gizaunka" ikuskizuna eskaintzera, El Mono Habitado konpainiaren eskutik. Euskaraz izango da emanaldia, eta Kafkaren bi obra ospetsuenei omenaldi moduko bat egiten die: "Metamorfosia" eta "Txostena akademia baterako", batez ere bigarren horri egiten zaio aipamena. Obraren tonua, ordea, oso desberdina da Kafkaren munduarekin alderatuta: ironiaz betetako istorio bat ematen da antzezlanean, pertsonaia itxuraz laño-laño batek kontaturik, bizitza argitasun oies batekin eta umore mikatz askotxorekin deskribatuta.

Arratsalde horretan bertan, Pez Limbo konpainiak "Boxers" lana emango du. Obra hau euskaraz da: bi pertsonari buruzkoa da, zeintzuk ezkutuko kontu batean nahastuko baitira, dirua erraz eta porrotik gabe irabazteko aukera aurkituz ustekabean.

Sarrera librea da, baina gonbidapen bat eskatu behar da, 671 559 93 telefonora deituta, emanaldiaren egunean bertan.