BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak 2020ko Bilboko Ospetsu berriak omentzeko ekitaldia ospatu du astelehen honetan, otsailak 8. Bertan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok jendaurreko aintzatespena egin die.

Alkateak ekitaldiaren hasieran aitortu duenez, iazkoa "oso urte zaila, desberdina eta gogorra izan da, inoiz ikusi ez dugun bezalakoa eta historian behin-betiko markatuta geratuko dena, izan ere, covid-19 izeneko birus batek gure bizitzak goitik behera aldarazi ditu mundu osoan".

Pandemiari aurre egiteko ezarritako aforo-mugapenak tarteko, lau protagonista nagusi izan ditu Udaletxeko Arabiar Aretoan antolatutako ekitaldiak: Estibaliz Barron, Gizakia Fundazioko zuzendaria; Fernando Canales sukaldaria; Itziar Lazkano antzezlea eta Arantza Matias enpresaria. Alkatearen esanetan, Bilboko Ospetsu berriek, "bilbotar peto-petoak, pandemiak arras zigortutako sektoreak ordezkatzen dituzte: gizarte arloa, ostalaritza, kultura eta merkataritza".

Juan Mari Aburtok hitz gutxi batzuk eskaini dizkie Bilboko Ospetsu berriei, eta lehenik eta behin, Gizakia Fundazioko zuzendari Estibaliz Barronen "ezohiko dedikazio eta eskuzabaltasun handia" nabarmendu du, "bihotz arras emankor eta sentikor batetik sortutako bokazioa, guk esan ohi duguna egia bihurtzea xede duena: inoiz inor atzean utzi gabe".

Alkatearen esanetan, Fernando Canales "bere lanbideaz eta bizitzaz maiteminduta dagoen bilbotarra da, egin beharreko guztia ilusioz eta txinparta handiz egiten duena". Aburtok berariaz azpimarratu du "Michelin izarrak eta bestelako sariak jaso dituen sukaldari handi honen izaera berritzaile eta egonezina", eta ostalaritzaren zein jatetxeen sektorea egun zailtasun handiak pairatzen ari den arren, "ez dugu inoiz kexarik entzungo Fernandoren ahotik, aurrera jarraitzeko hitzak baizik".

Bilboko Alkateak Itziar Lazkano antzezle ezaguna ere zoriondu du, "gu guztion bihotzetan egina duen ibilbibide luze eta bikainagatik", eta horrenbestez, "Bilboko Ospetsua izatea merezi duela" esan du, "Itziarrek hain ondo ezagutzen duen Ramon Barea zinema eta antzerkiaren munduko beste antzezle handi horren antzera". Saridunari berari hitz eginez, Aburtok argi utzi dio: "Ez izan zalantzarik, egoera honetatik aterako gara, eta zinema-aretoak eta antzokiak jendez beteko dira berriz ere, zure jardunaren distiraz gozatzeko prest".

Era berean, Alkateak "berrikuntza, erresilientzia eta modernizaziorako" gaitasuna nabarmendu du, "hainbat belaunalditan kalitatezko eta bikaintasunezko ehungintzaren negozioan jardun duen Bilboko familia ezagun bat ordezkatzen duen" Arantza Matiasen kasuan, eta sostengua adierazi dio Covid-19aren pandemiak gogor astindu duen merkataritza sektore osoari.

Azkenik, Juan Mari Aburtok adierazi du Bilboko Ospetsu berriak, "esfortzuaren zein elkartasunaren eredu", bete-betean irudikatzen dutela "Covid-19aren egun garratzak atzean uzteko ilusioa eta argia".