BILBO. Datorren asteartean, otsailak 9, Lucía Lijtmaer eta Txani Rodríguez Bidebarrieta Kulturgunean bilduko dira 'Elkarrizketak literaturarekin' ekimenaren barruan antolatutako 'Literatura eta boterea' izeneko saioan. Elena Sierra kazetaria izango da saioaren moderatzailea.

Saioan, botere harremanak aztertuko dira, eta botere ekonomikoak, eta, orobat, nola agertzen den gaur egun botere hori egungo literaturan eta hitzordu honetan parte hartzen duten egileen obretan.

Lucía Lijtmaer kazetaria eta idazlea da, Argentinan jaioa eta Bartzelonan hazia, haraxe erbesteratu baitziren bere gurasoak. Aditua da pop kultura genero ikuspegitik aztertzen. Kultur komisarioa ere bada, eta literatur itzultzailea, eta Unibertsitateko irakaslea. Gaur den egunean, hainbat hedabidetan ari da lankide, besteak beste El País, El Diario, RAC 1 eta Carne Cruda hedabideetan; gainera, Isa Calderónekin batera, "Deforme semanal ideal total" ekoizten, idazten eta gidatzen du, Estatuan arrakastarik handieneko bat. Liburu hauek argitaratu ditu, besteak beste: "Quiero los secretos del Pentágono y los quiero ahora" (Capitán Swing, 2015), "Casi nada que ponerte" (Los Libros del Lince, 2016); "Yo también soy una chica lista" (Ed. Destino, 2017) eta "Ofendiditos" (Ed. Anagrama, 2019).

Txani Rodríguez, ordea, Laudion jaio zen, 1977an. Kazetaria, gidoilaria eta idazlea da. Eleberriak argitaratu ditu, hala nola "Lo que será de nosotros" (2008), "Agosto" (2013) eta "Si quieres, puedes quedarte aquí" (2016). Kontakizun liburuak ere argitaratu ditu: "El corazón de los aviones" (2006); eta hainbat komiki, "La carrera del sol" (2008), nabarmentzekoen artean, hainbat hizkuntzatara itzulia izan dena. Radio Euskadiko "Pompas de Papel" programako taldeko kidea da, eta hainbat hedabidetan aritzen da lankidetzan, El Correo egunkariaren "Territorios" kultur gehigarrian, besteak beste. Sormenezko idazkuntzako irakaslea da Escola d'Escriptura de l'Ateneu Barcelonès eskolan eta Alea literatur elkartean.

Berarekin izango da Elena Sierra kulturan berezitutako kazetaria.

SARRERAK ETA SEGURTASUN NEURRIAK

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi-aretoan izango da, 19:00etatik aurrera. Ekitaldi horretara joateko, gonbidapenak eskatu behar dira nahitaez, hemen (doan dira).

Egungo egoeraren ondorioz segurtasun-neurriak ezarri beharrez, ekitaldi aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratzen direnak euren jarlekuetara bideratu ahal izateko. Bertara joan gabe ere izango da aukera ekitaldia ikusteko, webgune honetan, streaming bidez.

Indarrean diren babes eta higiene neurriak zorrotz bete beharrekoak izango dira. Era berean, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea ekitaldian zehar.

#BILBAONEGUA2021

Udalaren #BilbaoNegua2021 kultur ekimenaren barruan dago hitzordu hau, eta, Udalak, beraren bidez, aisialdiko eta kulturako planez beteko du uria otsailean eta martxoan.

#BilbaoNegua2021 programarekin, lehen mailako planak eroango dira uriko auzoetara, betiere zorrozki betez unean-unean indarrean diren segurtasun eta higiene neurriak.