BILBO. 'Bilbao Hiri Gaztea 2021-2023' estrategia berria definitzeko parte-hartze prozesu berri bat jarriko du martxan Bilboko Udalak. Horren helburua uriko gazteen ahotsa ezagutzea da, euren beharrizanak eta nahiak kontrastatzeko.

Parte-hartze prozesu honek hiru fase dauzka, hamar saiorekin:

  • Lehenengo fasean (bihar, asteartea, urtarrilak 26, hasiko dena), 3 saio telematiko egingo dira, parte-hartzaileen adinaren arabera (15-18 urte, 19-23 urte eta 24-30 urte). Topaketa hauetan, gazteek hainbat gairi buruz daukaten iritzia jasoko dugu, datu kuantitatibotan.
  • Bigarren fasea, berriz, sakontzeko izango da, eta otsailaren 9, 10 eta 11n egingo da. Lehenengo fasearen emaitzatik abiatuta, 3 saio egingo dira, bat adin-tarte bakoitzeko (15-18 urte, 19-23 urte eta 24-30 urte), eta beste 3 saio, kasu honetan gaiaren arabera sailkatuak: gazte emantzipatuak, gazte aktiboak eta gazte konprometituak. Saio hauek presentzialak (Bilborocken) edo telematikoak izango dira, unean uneko osasun-egoerak aholkatzen duenaren arabera.
  • Hirugarren eta azken fase honetan, jardunaldi bat egingo da martxoaren 2an. Bertan, aurreko saioetan lortutako emaitzak erkatuko dira. Era berean, jardunaldi hau indarrean dauden osasun-mugetara eta -gomendioetara egokituko da.

Prozesu honetan zehar, parte-hartzaileek zenbait gai aztertuko dituzte. Lehenengoa gazte emantzipatuei buruzkoa izango da. Hemen, ekintzailetza, bizitza osoko prestakuntza, etxebizitza, eta familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioa aztertuko dira. Bigarren eremua gazte aktiboena da: kulturaz, aisiaz eta kirolaz eztabaidatuko da. Hirugarren eremua lan boluntarioarekin, ingurumenarekin edo feminismoarekin konprometitutako gazteei buruzkoa izango da.

BILBAO HIRI GAZTEA 2021-2021

Parte-hartze prozesu osoaren emaitzak "Bilbao Hiri Gaztea 2021-2023" gazteentzako udal estrategia eratuko du. Estrategia hau lehentasunezko jarduketa da, Udalaren agintaldi-planaren barruan. Helburu nagusia da Bilbo hiri erakargarria izan dadila gazteentzat, eta berton euren bizitza-proiektua garatu ahal izatea (prestakuntza, lanerako eta/edo ekintzailetzarako aukerak, etxebizitza eta aisia).

Halaber, estrategia honen bidez, gazteek udal jardueran parte hartzeko bideak aktibatu eta hobetu gura dira, gazteen eskaera eta proposamenei erantzun egoki eta eraginkorrak eskaini, eta gainerako erakunde eta elkarteekin modu koordinatuan lan egin.

AURRETIAZKO FASEA

Parte-hartze proiektu honi ekin aurretik, udal sailek euren gazteria-politiken barruan programen eta jarduketen bidez garatzen dituzten 150 jarduketa bildu dira. Aldi berean, 2020ko bigarren seihilekoan azterlan bat egin da Deustuko Unibertsitatearen Gazteago programaren eskutik, BBKren kolaborazioarekin.

Lan horretan, gazteei inkestak eta elkarrizketa pertsonalak egin zaizkie, eztabaida-foroak sortu dira, eta gazteen bizi-proiektua garatzeko baldintza mesedegarri objektibo eta subjektiboak eta oztopoak aztertu dira.