BILBO. Datorren ostegunean, urtarrilak 28, hasiera emango zaio Bilboko Zirkuitua ekimenaren denboraldi berriari. Aurten antzerkiko tokiko konpainien jarduera sustatzeko asmoz Bilboko Udalak antolatutako ekimen honen XX. denboraldia ospatuko da, eta martxoaren 26ra arte iraungo du. Guztira 14 antzezlan eta dantza-ikuskizun eskainiko dira uriko hainbat auzotan.

Aurtengo edizioko lehenengo ikuskizuna urtarrilaren 28an (eguena) izango da, 19:00etan, Amaia Bonoren eta Damián Montesdeocaren 'Malversar' lanarekin. 'Malversar' lana elkarri mlotutako pieza bik osatzen dute: 'Ahora ya' eta 'Cuando las cobras cosan sentido'. Bi lan eszeniko horiek aurkitzen diren unibertso horretan, hizkuntza perbertitzen da, hitzaren mugak gainditzen saiatzeko.

Bilboko Zirkuituaren XX. edizioko gainerako proposamenen artean aipatzekoak dira hiru estreinaldi hauek: 'Arde la palabra', Laura Sam-ena (otsailaren 12an, Castañoseko Udaltegian eta martxoaren 26an Zorrotzako Udaltegian); 'No Más Boleros, Gracias' (Un canto - cuento de vida), Juan Carlos Garaizabalena (otsailaren 5ean Basurtuko Udaltegian); eta 'Piscolabis', Asuntos Propios-ena (martxoaren 18an Barrainkuako Udaltegian).

Lehenengo proposamen biak jendearengandik oso hurbil daude eta osagai sozial handiko gaiak dituzte. Bestalde, Laura Sam-ek spoken word ikuskizuna aurkezten du, "Incendiaria" bere liburuko testuak, kritika sozialez betetako poemak, non baden leku bat isiltasunerako eta egonerako. Bestalde, Juan Carlos Garaizabalen proposamenean, testuek, boleroek eta musikak jausi eta altxatzeari buruz hitz egiten dute, eta hezkuntza sentimentalaren itzalak adierazten dituzten fanatismo erlijioso eta ideologia kulturalen aurreko erantzuna dira.

Asuntos Propios konpainiaren 'Piscolabis'-en kasuan, ikusleek gaur egungo pandemiak pisu handia duen entretenimendu-ikuskizun batekin egingo dute topo.

Programa honen barruko proposamen guztiak doakoak dira baina gonbidapenak erreserbatu beharko dira nahitaez, 688 603 737 telefonora deituta, ikuskizunaren egunean, 10:00etatik ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagora arte.

Gainera, unean-uneko osasun- eta higiene-neurriak zorrotz beteko dira eta musukoa ezinbestekoa izango da.

BABESA SORMENARI

Bilboko Zirkuituak helburu bi ditu: bertoko eszena bultzatzea eta antzerkia uriko auzoetara hurbiltzea. Programa honen bidez, antzerki eta dantza taldeei aukera ematen zaie euren lana taularatzeko eta jendaurrean erakusteko. Gainera, udal programa honek aukera paregabea ematen die herritarrei hiriko proposamen artistiko berri eta freskoenak gozatzeko.

Ekimen honek garrantzia dauka, bestetik, Bilboko eskaintza kulturala deszentralizatzeko. Denborarekin, antzerki-zirkuitu hau ia auzo guztietara zabaldu da; auzoetako askotan hauxe da estalitako eremu batean egiten den arte eszenikoen eskaintza bakarra. Duela hamarkada bat baino gehiago abian jarri zenetik, eskaintza handituz joan da, emanaldi gehiago eskainiz eta agertoki gehiagotara iritsiz.

Bilboko Zirkuitua ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadin, bere arloan. Gainera, asko dira urte horietan guztietan eremu profesionalera salto egin duten konpainiak.