Arriaga Antzokian

Arte eszenikoen hirugarren topaketa antolatu du Udalak

20.01.2021 | 13:05
Arriaga Antzokiak arte eszenikoen hirugarren topaketa jaso du.

BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak kultur eragile eta entitateek hirian egiten duten lana dinamizatu, indartu eta sustatzeko ideien eta proposamenen elkarri berri emateko bilera antolatu du. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin eta Udaleko kulturako taldearekin batera, lanerako topaketa bat egin du Uriko sektore eszenikoaren ordezkaritza batekin, asteartean eguerdian, Arriaga Antzokian.

Gainera, hirugarren topaketa honetan, aztertu da noraino bete dituen Bilboko Udalak aurreko bileretan bere gain hartutako konpromisoak. Alde horretatik, nabarmentzekoa da nola parte hartu duten Euskadiko profesionalek Arriaga Antzokiaren ekoizpenetan, nola programatu diren Euskal Herriko eta Bilboko konpainien obrak Arriaga Antzokian eta Campos Antzokian, eta nola eman zaien babesa Bilboko konpainien euskarazko ekoizpenei, udal programetan sartuta. Era berean, aukerak aztertu dituzte, Udalean entseguetarako eta antzezpenetarako zer beste gune egon daitezkeen jakiteko, besteak beste.

Topaketarako dei egin zitzaien eragileek parte hartu aurretik, alkateak aurkezpen bat egin du, eta adierazi die arduratuta dagoela covid-19aren pandemiak kultur sektorera ekarritako ondorioengatik; "Udalak eutsi egingo dio, aurrerantzean ere, kulturaren aldeko apustu garbiari. Eta, hala 2020an zehar nola ekitaldi honetan, lanean jardun gara egoera arintzeko era bateko eta besteko neurriak ezarriz, kultur eragileendako berariazko tresnak eskainiz, kultur proiektuak babesteko diru-laguntzatarako berariazko deialdiak eginez eta kultur bonoak ateraz kulturaren kontsumoa sustatzeko". Gainera, Juan Mari Aburtok adierazi die ezen ekimen horiek berriro ere jarriko direla abian 2021ean, era batera edo bestera, osasunaren eta ekonomiaren bilakaera nolakoa.