BILBO. Bilboko Udalak 2.411.358,18 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Altamira auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko. Obrak Irisgarritasun Integraleko Planaren barruan diseinatu dira, eta auzoan lau elementu mekaniko martxan jartzea dute helburu.

Altamirako orografiak eta hiri-diseinuak (berrogeita hamarreko hamarkadakoa), mugikortasun zaileko eta irisgarritasun mugatuko ingurune bihurtzen dute auzo hori. Altuera desberdinetan banatutako plataforma horizontaletako eraikinek osatzen dute, eta, horregatik, kaleen arteko zeharkako konexioa malda eta mailadien bidez egin behar da. Zailtasun horiek gainditzeko eta irisgarritasun unibertsalaren aldeko apustuarekin bat etorrita, Bilboko Udalak ibilbide irisgarriak sortuko ditu plataformen artean, auzoko bizilagunen mugikortasuna eta, ondorioz, bizi-kalitatea hobetzeko.

Izan ere, ildo hori zeharkakoa eta lehentasunezkoa da Udaleko hainbat sailetako lanaren plangintzan, eta irisgarritasun unibertsalaren alde egiten du, betiere teknikoki bideragarria bada. Hau da, edozein egoeratan pertsonen mugikortasuna errazteko gai diren konponbideen alde eta espazio, ekipamendu publiko, produktu eta udal zerbitzu guztiak apurka-apurka egokitzearen alde, herritar guztientzako irisgarriak izan daitezen.

Zehazki, Altamirako Irisgarritasun Integraleko Planak sei jarduketa independente hartzen ditu barne eta hamar hilabetetan zehar garatuko dira.

IGOGAILU BERTIKALA AUTOBUS GELTOKIAREN ONDOAN, AUZOKO BEHEALDEAN

Jarduera-eremu hori autobus-geltokiaren ondoan dago, auzoaren behealdean. Igogailu bat egingo da haurrentzako jolasgunetik eta 3. ataritik oso gertu, plataforma hori autobus-geltokiarekin komunikatzeko, eta, horrekin, 9 metro baino pixka bat gehiagoko altuera duen desnibela salbatuko da.

Igogailutik irteteko goiko gunea eta etxaldea 6 metroko luzera duen metalezko pasabide baten bidez lotuko dira.

Igogailu hori eta auzoan jarriko diren eta jarraian deskribatuko diren beste hirurak beira ijeztuz estalitako egitura metalikoak izango dira, ibilbidearen edozein puntutan kabina kanpotik ikusi ahal izateko.

Laurek 13 lagunentzako edukiera izango dute.

IGOGAILU BERTIKALA UDALTEGI ONDOAN

Anbulatorioaren eta auzoko udaltegiaren arteko lotura errazteko, Udalak elementu mekaniko bat egingo du udaltegitik hurbil dagoen mendi-hegalean. Helburua da goiko aldeko bizilagunak osasun-zentrora eta beheko aldeko bizilagunak udal-ekipamendura iristeko erraztasunak ematea.

Igogailuak, beraz, geltoki bikoitza izango du eta 10 metro baino gehiagoko altuera duen desnibela gaindituko du.

Igogailutik irteteko tarteko eta goiko guneak eta etxaldeak lotzeko, 4 eta 14,5 metroko luzera duten metalezko bi pasabide erabiliko dira, hurrenez hurren.

IGOGAILU BERTIKALA 13 ETA 30 ATARIEN ARTEAN

9, 10 eta 11 zenbakidun atariei dagokien plataformaren eta 12, 13, 30 eta 31 zenbakidun atariei dagokienaren arteko irisgarritasuna konpontzeko, Udalak 13 eta 30 etxebizitza blokeen artean dagoen ezpondan elementu mekaniko bat egitea proposatu du.

Igogailu berriak bi geltoki izango ditu eta 10 metroko desnibela gaindituko du. Beheko geralekua 9, 10 eta 11 atarietarako sarbidea ematen duen kalean egongo da, eta goiko geralekua 12, 13, 30 eta 31 atarietarako sarbidea ematen duen kalean, 11,5 metroko luzera duen metalezko pasabide baten bidez.

IGOGAILU BERTIKALA 14 ETA 15 ATARIEN MENDI-HEGALEAN

14 eta 15 atarien arteko hegalean laugarren igogailu bat jarriz, irisgarritasuna konpondu nahi da 12, 13, 30 eta 31 zenbakidun blokeetarako sarbidea ematen duen plataformaren, 14, 15, 32 eta 33 zenbakidun atariak dauden plataformaren eta 16 eta 34 zenbakidun etxebizitza-blokeei dagokien plataformaren artean.

Igogailu horrek 12 metroko desnibela gaindituko du eta hiru geraleku izango ditu. Beheko geralekuak 12, 13, 30. eta 31 atarietarako sarbidea emango du, aldi berean, aurreko jarduketaren goiko inguruari dagokiona. Tarteko geralekuak 14, 15, 3. eta 33 atarietara sartzeko espaloiarekin lotzen du; goiko geralekua 16 eta 34 atarietara iritsiko da.

Igogailutik irteteko tarteko eta goiko guneak eta etxaldeak lotzeko, 7,5 eta 19,5 metroko luzera duten metalezko bi pasabide erabiliko dira, hurrenez hurren.

OINEZKOEN ETA IBILGAILUEN ARTEAN PARTEKATUTAKO TRAFIKOKO PLATAFORMA BAKARRA

Auzoa osatzen duten plataforma horizontaletan auzoaren barruko mugikortasuna hobetzeko, 3, 4 eta 5 zenbakidun atarietarako eta 6, 7 eta 8 zenbakidun atarietarako sarbidea ematen duten kaleak berrurbanizatzea planteatzen da, oinezkoen eta ibilgailuen arteko trafikorako plataforma bakar bat sortuz.

Horrela, etxebizitza-blokeetan igogailuak jartzen ari diren aldean espaloien estutasunaren arazoa konpondu, eta oinezkoen mugikortasuna erraztuko da.

Erabilerak bereizteko, kaleak berriro zolatuko dira inprimatutako asfalto beltzez galtzadan eta kolore gorriz lehen aipatutako eraikinen aldean, oinezkoen espazioa mugatzeko.

JARDUKETA BIKOITZA

Altamirarako aurreikusitako azken jarduketa bi zatitan banatzen da:

  • 16 eta 34 atariak beheko bidearekin lotzeko oinezkoen bidea egokitzea eta zabaltzea.

Auzoko plataformak lotzen dituen egungo bidearen zenbait zatitan malda handiak kentzeko, ibilbide luzeagoko arrapala berriak sortuko dira, egungo maldak murriztu ahal izateko. Obrak aprobetxatuko dira egungo bidearen zabalera handitzeko.

Egungo euste-elementuen ordez, hormigoi armatuzko hormak jarriko dira, 1,5 metrotik 4,5 metrora bitartekoak, altzairu herdoilgaitzezko baranda eta guzti.

  • Oinezkoentzat zati bat egokitzea Kobetabide ondoan:

16 eta 34 atarietarako sarbidea ematen duen plataformaren eta auzoaren goiko aldean, Kobetabidearen ondoan, dagoen autobus-geltokiaren arteko komunikazioa errazteko, dagoen bidearen zati bat oinezkoentzat egokituko da.

Plan Integralaren proiektua osatzen duten sei jarduera-eremuetan, eragindako udal-zerbitzuen sareen (argiteria, urak, saneamendua) zein udalekoak ez direnen (telefonia, komunikazioak) beharrezko egokitzapenak sartuko dira. Era berean, deskribatutako jarduketa guztiak dagokien hiri-altzarien instalazioarekin osatuko dira (farolak, bankuak, paperontziak, barandak, etab.).

HERRITARREN PARTE HARTZEA

Lan hauek Altamirarako proiektatuak dira, eta auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan doaz: bera da Bilboko Udalak herritarren parte hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Izan ere, proiektu hau diseinatzeko, bost bilera egin dituzte Obretako eta Hiri Plangintzako Saileko arduradun eta teknikariek auzoko gizarte- eta auzo-eragile batzuekin eta besteekin. Parte hartzeko prozesu hori duela ia bi urte hasi zen, 2019ko otsailaren 4an, Altamirako Adinduen Elkartearekin, eta handik egun batzuetara segida izan zuen, 2019ko otsailaren 13an, Altamirako "Guztiontzat" auzo elkartearekin bilera bat eginda: han aurkeztu zitzaien proiektua eta herritarrek beren ekarpenak egin zituzten. Eskatu zuten, besteak beste, osasun zentroaren eta Kobetara igotzen den espaloiaren arteko konexioa hobetzea: biak daude jasota azken proiektuan.

Gero, 2019ko martxoan, batzar ireki bat egin zen, eta ehun bat auzotarrek parte hartu zuten, nork bere aldetik, eta, ondoren, Barrutiko Kontseiluko Batzorde Teknikoaren bilera batean, ekarpen berriak egin ziren, hala nola osasun etxerainoko sarbidea hobetzea edota haurren olgetarako eremuaren eta autobus geltokiaren arteko konexioa: biak ala biak jaso dira.

Azkenik, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetarako Sailak iazko apirilean aurkeztu dio, bilera telematiko batean, Altamirako Irisgarritasun Integraleko Plana (dagoeneko definituta zegoen, behin ekarpenak jaso eta gero) Guztiontzat elkarteari, eta hark oniritzia eman du.