BILBO. 16 eta 30 arteko hamabi talde eta bakarlarik hartuko dute parte apiriletik aurrera Bilborocken ospatuko den VillaSoundBilbao musika jaialdiaren lehenengo edizioan. Bilboko Udalak antolatutako ekimen honek gazteen sorkuntza-lanak sustatzea du helburu.

Izena eman duten 106 talde eta bakarlarietatik, epaimahaiak Bizkaiko 8 talde, Gipuzkoako 3 eta Nafarroako 1 aukeratu ditu. Ekimen hau 16 eta 30 urte arteko gazteentzat da. Aukeratutakoen batez besteko adina 24,5 urtekoa da.

Hauek dira aukeratu dituzten talde eta bakarlariak:

  • Suave (Bizkaia)
  • NUN (Bizkaia)
  • Nize (Bizkaia)
  • Martin de Marte (Gipuzkoa)
  • Monday Potions (Bizkaia)
  • Silitia (Bizkaia)
  • Full Cab (Bizkaia)
  • Blanquita Carraquela (Gipuzkoa)
  • Olaia (Bizkaia)
  • A1 Goldie (Nafarroa)
  • Mona Rora (Bizkaia)
  • Ramona's First Evil Boyfriend (Gipuzkoa)

Talde horiek osatzen dituzten 26 pertsonetatik 3 emakumeak dira (% 11,5), 4 ez binarioak (% 15,4), eta gainerako 19ak (% 73) gizonak. Abestietan erabilitako hizkuntzetan, ingelesa da nagusi (% 75), gero gaztelania (% 58) eta azkenik euskara (% 50). Partaideen batez besteko adina 24,5 urtekoa da, izena eman duten talde guztien batezbestekoa baino urte bat gutxiago. Horrek argi erakusten du Jaialdiak bertoko musikari gazteen apustua egiten duela.

VILLASOUNDBILBAO JAIALDIAREN GARAPENA

2021eko apirilean, VillaSoundBilbao jaialdiaren testuinguruan, Bilborocken 4 kontzertu egingo dira, 12 bakarlari eta talde gazterekin. Kontzertu bakoitzean haietako hiruk joko dute, talde gonbidatu batekin. Kontzertuak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, lekua bete arte.

Bilborocken kontzertuen ondoren, 6 talde edo bakarlari VSB Mentoring prestakuntza-programa batean parte hartzeko aukeratuko dituzte. Laguntza-programa hori 2021eko maiatzetik urrira bitartean garatuko da, eta hautatutako talde edo bakarlarien beharrizanetara egokituko da. VSB Mentoring programak talde eta bakarlariak sustatu eta bultzatu gura ditu, tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez, euren jarduera profesionalizatu ahal dezaten.

Profesionalek emango dute prestakuntza hori, eta hainbat gai jorratuko dituzte: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

2021eko maiatzean, VillaSoundBilbao jaialdiaren esparruan, hainbat kontzertu programatuko dira uriko hainbat gunetan. Gazteen musika-panoraman gora egiten ari diren 10 taldek beren sorkuntzak erakutsiko dituzte, emakumeen presentzia duten talde gazteen protagonismo sendoarekin eta musika-estilo anitzekin. Musika-sektoreko profesional-talde batek aukeratuko ditu taldeak. Profesionalen taldeak programa bat osatuko du, une horretan nabarmentzen ari diren proposamen musikal askotarikoak eta heterogeneoak eta sortzen ari direnak bateratuko dituena, eta Bilboko publikoarentzat erakargarria izango dena.

Programa VSB Tourrarekin amaituko da, 2021ean. VSB Mentoring prestakuntzako eta lagun egiteko aldiaren ondoren, parte hartuko duten sei taldeetako bat Estatuko hiri batzuetan jotzeko aukeratuko dute. Lau kontzertuko bira izango da eta 2021eko azken hiruhilekoan gauzatuko da. Helburuak dira banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo proiektatzea.

Jaialdiaren barruan VSB Talk jardunaldi ireki eta doakoa egingo da, martxoaren 17an, Bilborock-en. Bertan, profesionalek musikaren sektorean gazteentzat interesgarriak eta garrantzitsuak diren gaiak jorratuko dituzte. "Musikaren etorkizuna: zuzenekoaren eta sarearen artean" izenburupean, zenbait gai jorratuko dira: zuzendarien garrantzia, musikaren negozioa, zuzenekoaren esperientzia streaming bidezko kontzertuekin ordezkatzeko aukera eta sektoreak dituen erronkak.