BILBO. Bilboko Udalak, Labayru Fundazioaren laguntzarekin, 'Bilbon hara-hona. Leku-izenak eta euren arrastoak' izeneko liburua argitaratu berri du.

'Bilbon hara-hona' liburuak 40 artikulu toponimiko biltzen ditu, euskaraz, toponimiaren zabalkundea eginez. Uriko leku horien gaineko idazkiak literaturako adituek, hizkuntzalariek, etnografoek, historialariek edo legelariek idatziak dira, eta Olabeaga, Zorrotza, Begoña, Basurtu edo Masustegi moduko lekuen gaineko aipamenak aurki daitezke, besteak beste. Argitalpen berri honek aukera ematen du jakiteko nondik datozen, esaterako, "botxo" bezalako izenak, edo "botxero", edo "iturrigorri", eta kontu jakingarri bitxi asko argitzen ditu Bilboko leku-izenen jatorriaz, agerian utziz Bilboko toponimiaren jatorri euskalduna.

Testuekin batera doazen irudiak, diseinua eta maketazioa BilbaoArte-ren artista gazteen lana da.

Hala, bada, liburua argitalpen zaindu-zaindu batekin dator, hala artikuluak idatzi dituzten idazleen kontu eta ardura handiari esker, nola artikulu bakoitzarekin doazen irudiak egin dituzten artista sortzaileenari esker.

Argitalpen berria aurkezteko ekitaldia Udaletxeko Arabiar Aretoan izan da. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia eta Adolfo Arejita Labayru Fundazioko presidente eta liburuko idazki batzuen egilea izan dira argitalpen berri hau aurkezteko ardura izan dutenak. Aurkezpenean Maria Altuna Lizarraga Bilbao Arteko artistak ere parte hartuko du, liburuaren diseinuan eta maketazioan lagundu baitu.

Liburuaren aurkezpenean, Narbaizak nabarmendu duenez, liburua "arina, erraza eta atsegina da, eta zer ikasi asko eskaintzen du". Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak nabarmendu nahi izan duenez, "eguneroko bizimoduan ez gara guztiz ohartzen non bizi garen zehazki, zerk inguratzen gaituen, zerk eman dion bizitza Gure Bilbo honi joandako mendeetan. Sarri, ez dugu jakiten zer dagoen aurrean dugun auzo, kale, plaza, iturri edo monumentu horren atzean: zer ezkutatzen duen leku horren izenak, zer historia edo pasadizo gertatu diren han, nola bizi izan zen, lehenago, inguru horretan bizi zen jendea. Orain, aukera dugu ikasteko".

Adolfo Arejitak azpimarratu du beste argitalpen batek gure ingurune hurbilaren ezagutzari egindako ekarpena, bereziki hezkuntzaren eta aisialdiaren arloetan kontuan hartzekoa. Gaineratu duenez, obra material didaktikoa, erakargarria eta ulergarria da aldi berean, eta gure ingurune kultural eta geografiko hurbilenaren belaunaldien arteko transmisioan eragin dezake.

"Bilbon, hara_hona. Leku-izenak eta haien arrastoak" liburu-dendetan eta Labayruren webgunean eros daiteke 17 euroren truke. Gainera, argitalpen hau ikastetxeetara bidaliko da eta hiriko liburutegietan egongo da eskuragarri.

LABAYRU FUNDAZIOA

Labayru Fundazioa 1977an sortu zen, euskara eta euskal kultura ikertzeko, sustatzeko eta zabaltzeko. Xede horiek erdiesteko, hainbat arlotan jarduten da, dela ikerketan edo zabalkundean: irakaskuntza, itzulpena, herri-ondarea batzea, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia eta toponimia, besteak beste, dira bere arloak.