BILBO. Euskararen erabilera eguneroko bizitzan sustatzeko egindako lanagatik omendu egin ditu Bilboko Udalak uriko bost establezimendu astezken honetan, abenduak 2.

Frutería los Chicos, Arbeko Electrodomésticos, Farmacia Lotina, Semillas, plantas y floristería Mikel Zuazua eta Deustu Bike izan dira omendutakoak aurten. Komertzio hauek Biribilko udal programaren barruan daude: haien arduradunek Bilboko euskaltegi-sarean ikasten edota zerbitzuak euskaraz eskaintzen dute; horrela, komertzioaren alorrean euskararen erabilera normalizatzen dute.

Ekitaldia asteazkenean goizean egin da, Udaletxeko Arabiar Aretoan. Amaia Arregi lehen alkateordea izan da ekitaldiko burua. Gainera, Koldo Narbaiza Hezkuntza eta Euskarako zinegotziak eta Udalbatzarreko kideek parte hartu dute.

Arregik azpimarratu duenez, merkatarien ekarpena “ezinbestekoa da gure helburu nagusietako bat lortzeko: Bilbon euskararen erabilera normalizatzea”. Arregik omenduei esan die “Bilboko merkataritza bere sustraiekin, kulturarekin eta hizkuntzarekin konprometitutako merkataritza dela”. Azkenik, lehen alkateordeak azpimarratu du “gure helburu handia dela Bilbo pertsona guztientzat eraikitzen jarraitzea, eta horretarako Bilbo hiri elebiduna izatea lortu behar dugula”. “Guztion artean euskara gure dendetan erabiltzeko gai bagara, euskara kalera ateratzeko gai izango gara”, erantsi du.

Gainera, Udalak, aintzatespen hau aprobetxatuz, komertzioak gure urian daukan garrantzia azpimarratu gura izan du, are gehiago covid-19ak ekarri duen osasun-krisiaren ondorioz sektoreak bizi duen estutasunean.

“KOPLARIAK KOPLARI”, BIDEBARRIETA KULTURGUNEAN

Ekitaldi honetaz gain, Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunea espazioak bat egin du Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, Xabier Amuriza eta Agus Barandiaranen ‘Koplariak koplari’ hitzaldi musikatuaren bidez.

"Koplariak koplari" Amurizak azken hamarkadetan bildu eta sortutako kopletan oinarrituta dago. Barandiaran -Korrontzi taldeko liderra- izango da kopla hauei musika jarriko diena, akordeoiarekin. Ekitaldi honen helburua Euskararen Eguna ospatzea eta kopla zaharrak eta berriak jendeari ezagutaraztea da, eta, aldi berean, herri-musikan izan duten eragina erakustea.

Ekitaldia gaur, abenduak 3, egingo da, 19:00etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko hitzaldi-aretoan. Ekitaldi horretara joateko, gonbidapenak eskatu behar dira nahitaez helbide honetan. Doakoak dira.