BILBO. Gaur, abenduak 1, astelehena, Bilboko Udalak parte hartu du Hirien Foroaren bigarren edizioan. IFEMA Madrid eta Plaza Mayor Medellín Convenciones y Exposiciones elkarteek antolatutako ekitaldi hau Medellingo Alkatetzak sustatutakoa da.

Bertan, hirietako erronka nagusien ikuspegi integrala eskainiko da, oso kontuan hartuta hiri-inguruneek bizi duten egoera kritikoa, koronabirusaren osasun-krisiak eragindako pandemiaren ondorioz. Era berean, beste hiri-erronka garrantzitsu batzuk jarriko dira mahai gainean, hala nola gizarte-desberdintasuna, klima-aldaketaren egokitzapena eta arintzea, hiri-inguruneetarako migrazioak eta aberastasuna sortzearen eta ekitate-ezaren hazkundearen artean dagoen desoreka.

Foroaren egitaraua bi multzotan banatu da. Lehenengoa azaroaren 23tik 27ra bitartean egin zen; eta bigarrena, gaur hasi eta abenduaren 3ra arte, eguena, luzatuko da.

Bilbao gonbidatu dute gaur arratsaldeko saioan parte hartzera. “Hirigintzaren kudeaketa, sozialki konektatutako inguruneak, irisgarriak eta inklusiboak, planifikatzeko ardatz gisa”. Bertan, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak telematikoki esku hartuko du, eta Bilbo Hirigintza Jasangarriaren ikuspegitik garatzen ari den proiektu nagusiak partekatuko ditu, baita hiri gisa hiri-garapenaren arloan dugun bilakaeraren eta erronken ikuspegi orokorra ere.

Bartzelona eta A Coruña, Rio de Janeiro (Brasil), Barranquilla, Medellin eta Cali (Kolonbia), Buenos Aires (Argentina), Montevideo (Uruguai), Guayaquil eta Quito (Ekuador) eta Hermosillo (Mexiko) hiriek ere hartuko dute parte.

Hirien Foroa Trafic Latinoamerica Azokarekin batera egingo da. Azoka hori Plaza Nagusiak eta IFEMAk antolatzen dute Medellinen, mugikortasun jasangarri, seguru eta berritzaileari buruz, eta aurten formatu birtuala ere badu.