BILBO. Gaur, abenduak 1, Hiesaren Munduko Eguna ospatu da, eta Bilboko Udalak bat egin du gaixotasunari aurre egiteko ekimenarekin, urtero bezala. Yolanda Diez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak parte hartu du ekitaldian, Alvaro Ortiz de Zarate T4 Elkarteko koordinatzaile nagusiarekin batera.

Ekitaldia hiriko Udaleko Prentsa Aretoan egin da eta bertan, "Birusen aurrean babesa, beste arlo guztian Plazerra + Errespetua" kanpaina aurkeztu da eta gainera, "Sexualitatea Covid-19 garaian" sexu-ohiturei buruzko galdera-sortaren emaitzak argitara emateko baliatu da. Galdeketa T4 Elkarteak egin du.

Aurten, covid-19ak agerian utzi du kutsatze birikoaren aurrean babes-neurri egokiak hartu behar direla. Baita GIB-Hiesaren aurrean erantzun soziala emateko gaitasuna ere, osasun-agintariek gomendatutako neurriak sustatuz, baina kaltetuak estigmatizatu eta diskriminatu gabe.

Yolanda Diez, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak jendaurrean erakutsi nahi izan du hiriko Udalak GIBak eragindako pertsonen diskriminazioaren aurka eta prebentzioaren eta diagnostiko goiztiarraren alde hartutako konpromisoa. Gainera, "GIB edo covid-19 kutsatzeko arriskuaren aurrean sexualitateaz gozatzeko orduan babes-neurriak alde batera ez uzteko" beharra azpimarratu du.

SEXUALITATEA ETA ERRESPETUA

Sexualitatea giza harremanen dimentsio garrantzitsua da, baina egokia da adieraztea gure intimitatea partekatzeko modu berriak bila daitezkeela elkar zainduz. Gaixotasun kutsakorrak daudenean, hala nola GIB edo covid-19a, erantzuna ezin da izan diskriminatzea, baizik eta erlazionatzeko moduak hartzea, kutsatzeko eta transmititzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin.

GIBak eragindako pertsonen esperientziak lagun diezaguke bakoitzak mantendu nahi dituen sexualitateak eta distantziak errespetatzen. Ildo horretan, Onusidak 2020an sustatutako kanpainak, "Munduko elkartasuna, erantzukizun partekatua", eredu baliotsua eskaintzen digu gizarte osoak GIBak edo covid-19ak eragindako pertsonek jasan dezaketen estigmaren aurkako borrokan duen erantzukizuna baliatzeko. Errespetua betebeharra da guztiontzat eta erantzukizun partekatua eta ezinbestekoa gizarte osasungarrien eraikuntzan aurrera egiteko.

Garrantzitsua da, halaber, kolektibo kalteberenak gogoraraztea, bai eta ahalduntzeko eta indarkerian oinarritutako harremanei uko egiteko duten beharra ere. Emakume, gizon eta trans persona askok ezin diote gizarte-distantziari eutsi, edo ez dute ezetz esateko tresnarik edo ezagutzarik.

"BIRUSEN AURREAN BABESA, BESTE ARLO GUZTIETAN PLAZERRA + ERRESPETUA"

T4 Elkartearen kanpaina berriaren leloa "Birusen aurrean babesa, beste arlo guztietan Plazerra + Errespetua" da eta bere helburua biztanleria errespetuz babestea eta sexualitateaz gozatzea da. Horretarako, behar bezala informatu behar da, covid-19 eta TGI-k (Transmisio Genitaleko Infekzioek) sor ditzaketen arriskuak eta kalteak murrizteko.

Ez dago ebidentziarik covid-19a baginako edo uzkiko sexuaren bidez transmititzen denik, nahiz eta birusa aurkitu den gaixoen semenean eta gorozkietan. Musuek, ordea, infekzioa kutsa dezakete eta beraz elkarrekin bizi ez diren pertsonekin ez musurik ez listurik ez trukatzea gomendatzen da. Gainera, beste sexualitate- eta intimitate-mota batzuk bila ditzakegu, kontaktu fisikorik ez dakartenak.

Besteak beste, kanpainan 2.000 kit maskara-eramaile kondoiarekin eta lubrifikatzailearekin banatuko dira. Oinarrizko hiru elementu dira pandemia garaian sexualitate osasuntsua bermatzeko. Kitarekin batera, material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da. Material hori elkartearen web orrian (www.asociaciont4.org) eta sare sozialetan ikusi ahal izango da, Hiesaren Nazioarteko Egunaren astean zehar. Material honek infekzio horiei lotutako arriskuak eta kalteak murrizteko jarraibideak izango ditu.

AUSARDIA, BERRIKUNTZA, KALITATEA ETA BEROTASUNA ESKU-HARTZEAN

T4 Elkartea 1992. urteaz geroztik inplikatuta dago gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzen, batez ere Bizkaian eta EAEn GIBarekin bizi direnena. Bilbon sortutako elkarte hau beti nabarmendu da bere ausardiagatik, berrikuntzagatik, kalitateagatik eta berotasunagatik esku-hartzean, bai eta bere proiektu eta programetan ere. Gainera, EAEko eta estatuko esparruan erreferentzia bihurtu da sexu-transmisiozko infekzioen eta GIBaren esku-hartze soziosanitarioan eta prebentzioan.