BILBO. Bi motatako 4.0 ibilgailu elektriko eta adimendu diseinatu dituzte Bilboko Udalak eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak. Bata paketeak entregatzeko erabili ahal izango da, esaterako, eta bestea, aldiz, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzeko.

Bi kuadrizikloek gidatzen laguntzeko sistema aitzindari bat darabilte, 3D sentsore bat eta ingurunetik biltzen dituen datuak aztertzeko sistema bat baitituzte, zertarako-eta oztopoak detektatzeko eta talkak saihesteko, oinezkoentzako eremuetan edo norbait hurbil dagoenean abiadura mugatzeko, gidatzeko modua aztertzeko eta zakarra edo atsegina den jakinarazteko, eta seinaleak automatikoki aktibatzeko (esaterako, keinukariak edo balazta-argiak). 4.0 ibilgailuak dira, baina erraz gidatzen dira, bizikleten antzera.

Ekimen hau Europako InclusiveBike proiektuaren esparruan garatu da, zeinak helburu hauek baititu: azken miliako garraioak hirietan duen eragina murriztea, irisgarriak ez diren tokietan mugikortasun-arazoak dituzten pertsonei joan-etorrietan laguntzea, eta, azken batean, ingurune atseginagoak, irisgarriagoak eta kerik gabeak lortzea.

MUGITZEKO MODU BERRI BAT

Mugitzeko modu berri hau errealitate bihurtzeko, bi erakundeak elkarlanean aritu dira azken urtean. Tecnalia gidatzen laguntzeko sistema garatzeaz arduratu da, eta Udalak mugikortasunarekin eta jarduera ekonomiko jasangarriarekin bateragarriak diren hiri-ingurune osasungarriak sortzen duen esperientzia ekarri du. Halaber, aste honetan Bilbon egingo den proba pilotua bultzatu du. Besteak beste, hainbat enpresari ibilgailuak probatzeko aukera eskainiko zaie (esaterako, Bosch VHIT, Energy and Sustainable Development Agency, Axiro Group, One Less Van eta Bergamoko Udala), haien gaitasunak eta onurak ikus ditzaten.

Proba horiek egin ondoren, ibilgailuak Bergamora (Italia) joango dira datorren astean, eta han amaituko dira proiektuaren saiakuntzak. Sortzaileen arabera, "emaitzak oso esperantzagarriak dira, eta lehenengo urratsa da era honetako ibilgailuak kaleetan ikusteko etorkizun ez oso urrunean. Haiei esker, garraioak hiri barruan duen eragina murrizten da, eta ingurune atseginagoak, irisgarriagoak eta jasangarriagoak sortzen dira".

Gaur goizean aurkeztu dira bi ibilgailuak Areatzan. Aurkezpenean, alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi Alfonso Gilek nabarmendu du oso garrantzitsuak direla halako proiektuak hirietan mugikortasuna jasangarria, osasungarria eta irisgarria izan dadin. Haren arabera, "bizikleta garraiobide gisa erabiltzea (kasu honetan, azken miliako banaketa egiteko), eta irisgarritasun unibertsala posible dela frogatzea erronka handiak dira, baina aurre egin behar diegu, eta gainditu egin behar ditugu".

EIT Urban Mobility ekimenaren barruan dago proiektua. Ekimenaren helburua da erabiltzailea ardatz izango duen eta benetan multimodala izango den garraio-sistema integratu baterako irtenbideak eta trantsizioa bizkortzea. Hiri-mugikortasuneko berrikuntzaren komunitate europar nagusia den heinean, EIT Urban Mobilityk zatiketa saihestu nahi du, eta hirien, enpresen, hezkuntza-zentroen eta ikerketa- eta berrikuntza-zentroen arteko elkarlana sustatu, hiriak dauzkaten erronka premiazkoenei erantzuteko. Komunitate horretako unibertsitate, enpresa eta ikerketa-zentroek buruz buru egiten dute lan hiriekin, eta probak egiteko erabiltzen dituzte, denek ikus dezaten teknologia berriek konpon ditzaketela benetako hirietako benetako arazoak pertsonak, salgaiak eta hondakinak modu adimendunean garraiatuz.