BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du azaroaren 25ean ospatu ohi den Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin.

Aldarrikapenezko ekimen hau ohikoa bihurtu da urian, eta bertan izan da buru Amaia Arregi, Bilboko lehen alkateordea, eta berarekin batera Nekane Alonso, Berdintasun Saileko zinegotzia, bai eta Bilboko beste zenbait zinegotzi ere. Gainera, agintariek agindutako neurri sanitario eta segurtasunezkoak betez, gonbidapena egin zaie Emakumeen Udal Kontseiluko zein Immigrazioaren Udal Kontseiluko kide batzuei parte har dezaten, eta baita ere Amuge, Bizitu Elkartea, Down Sindromea Fundazioa, Bizitegi, Euskal Gorrak, Petra eta Bagabiltza gizarte-entitateetako ordezkariei. Halaber, Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko presidenteak eta Maria Goiricelaya aktoreak ere parte hartu dute.

Nekane Alonsok eman dio hasiera ekitaldiari, eta hark nabarmendu du beharrezkoa dela gizarte osoak parte hartzea indarkeria matxista ezabatzeko eginkizunean, "erakundeok ezin dugu izan emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokan ageriki parte hartzen duten bakarrak, arduradun bakarrak. Beharrezkoa da guztion lana batzea, sare lanean jardutea, adostasuna eta ekintza bateratua bilatuz, arrakasta handiagoa izatearren indarkeria hori ezabarazteko eginkizunean. Eta, gainera, lan hori legitimitatez, eraginkortasunez, kalitatez, agerikotasunez eta koherentziaz hornitu behar dugu".

Beste alde batetik, Amaia Arregik EUDELek (Euskadiko Udalerrien Elkartea) proposatutako erakunde-adierazpena irakurri du; aurten, agiri horretan, covid-19ak eragindako krisi sanitarioan emakumeek aurre egin behar izan dieten inguruabarrak nabarmendu dira. "Pandemiak eragindako egoera honetan, arreta jarri behar dugu etxe barruan, lantokietan, bizimodua egiteko lekuetan indarkeriari aurre egin behar izaten dioten emakume eta neskatoengan, bizirik irauteko iharduki beharrean aurkitzen diren emakume eta neskatoengan. Egoera horretan, lanean jarraitu beharra dugu, haien bakartzea, babesgabezia eta ikusezintasuna eragozteko inguruabar egokiak sortzearren. Gizartearen ezagutza eta elkartasun osoa merezi dute", adierazi du mintzaldian.

Hainbat testu eta argitalpen zatiak, poemak, diskurtsoak eta abestiak irakurri dira, denak emakumeenganako indarkeriaren gaitzespenari edo andrazkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunari buruzkoak.

BILBO, MOREZ

Aste honetan zehar, uria morez tindatu da, ohiko puntu morearen ikurra jarriz udal egoitza batzuetan eta besteetan. Udalaren eraikin nagusian, udaletxean, balkoian ipini dute puntu morea, eta arratsaldean kolore horrekin argiztatuko da eraikina, Bilbok emakumeenganako indarkeria horren aurka duen jarrera agertzeko.