BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera ekonomikoa latza izan arren, gaur, azaroak 20, ostirala, aurkeztutako 2020-2021eko Bilboko Enplegu Planak 1.012 lanpostu sortuko ditu, hau da, 2019an egindakoa baino 93 gehiago. Bilboko Udaleko lehen alkateorde Amaia Arregik eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiak aurkeztu egin dituzte planaren nondik norakoak.

Amaia Arregi, Bilboko Udaleko lehen alkateordea eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak aurkeztutako plan horren barruan, 919 lanpostu berri sortu ziren 2019. urtean; beraz, iaz baino 93 pertsona gehiago kontratatuko dira 2020. urtean.

Covid-19ak eragindako krisian murgilduta egon ondoren, hiribilduan orain arte sortu den enplegu-aukerarik garrantzitsuena da, baliabide guztiekin covid-19aren krisiari aurre egiteko.

2020-2021eko Bilboko Enplegu Planak 10,9 milioi euroko inbertsioa izango du. Eusko Jaurlaritzak 8,9 milioi euroko ekarpena egingo du, eta Bilboko Udalak, berriz, 2 milioi euro gehiago jarriko ditu aurrekontuan, hau da, iaz baino 600.000 euro gehiago.

Berritasun gisa, gaur egungo krisiari erantzuteko, enplegua covid-19aren ondoriozko alarma-egoera deklaratu ondoren galdu duten pertsonak kontratatzea bultzatuko da.

Programan, bi lerro espezifiko egongo dira: Enplegu Plan Arrunta eta Gazteen Enplegu Plana. Bi kasuetan, hiriaren jarduera ekonomikoa suspertzea izango da helburua; horretarako, lanpostu berriak sortuko dira. Gainera, zaurgarritasun-egoera larrienetan dauden kolektiboak lan-merkatura sartzea erraztu nahi da.

1.012 enplegu berrietatik, 701 pertsona —bolumenik handiena— kontratatutako dira jarduera profesionala Bilbon egoitza duten enpresetan garatzeko. Beste alde batetik, Bilboko Udala arduratuko da gainerako 311 pertsonak kontratatzeaz; Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez egingo du, eta udal-arlo zein -entitateetan interes nahiz onura publikorako jarduerak garatzeko kontratatuko ditu (261 Enplegu Plan Arruntaren barruan eta 50 pertsona Gazteen Enplegu Planaren esparruan).