BILBO. Eleder Iglesias eta Miriam Lujua izango dira Bilboko Udalaren lehenengo instagramer ofizialak 2020-2021 ikasturtean zehar. Hala erabaki du epaimahai batek, zeinak hainbat ezaugarri izan dituen kontuan bi gazte hauek aukeratzeko. Hala nola, kameraren aurrean erakutsitako naturaltasuna, euskaraz komunikatzeko trebetasuna, baita bideoetan aurkeztutako kontakizuna ere.

Aurtengo azarotik 2021eko maiatzera bitartean, Miriamek eta Elederrek hilean bideo bi grabatuko dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, banaka edota binaka, modu dinamikoan eta atseginean azaltzeko Bilbok gazteentzat eskaintzen dituen aisialdiko alternatibarik onenak. Bideoak Bilbao Gazteren instagrameko kanalean emango dira.

Miriam Lujua 21 urteko bilbotarra, musikazale amorratua da eta lehen hezkuntzako ikasketak egiten ari da musikaren adarretik. Gitarra, pianoa eta ukelela jotzen ditu, baina kantatzea da gehien gustatzen zaiona; SN Erasmus elkartean ere parte hartzen du, kultura atalean.

Eleder Iglesias bilbotarra da, 19 urte ditu eta kazetaritzako ikasketak egiten ari da EHUn, 2. mailan; arte dramatikoa ere ari da ikasten Erandion. Kultura eta magia ditu gustuko, baita ekitaldiak aurkeztea ere.

BILBAO GAZTE

Bilbo Gazte da Bilboko Udalak elkarrekin lan egiteko eta Urian gazteen parte hartzea sustatzeko hartua duen konpromisoaren adierazpidea. Hala, Udalak baditu komunikazio-tresna batzuk: profilak sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram eta YouTube eta web orria ere bai, gazteei eragiten dieten politika espezifikoen gaineko informazio baliagarria eskaintzen duena.