BILBO. Hasi berri den aste honetan zehar, Bilboko beste bi auzok gozatu ahal izango dute Udalak eskainitako segurtasunaren arloko tailerraz. Oraingo honetan San Adrian-Miribilla eta Basurtu auzoen txanda izango da. Geratzen den azkena, San Inazio, abenduan antolatuko da.

Guztira, hamalau dira Herritarren Segurtasunerako Sailak urirako pentsatu dituen auzoko tailerrak, eta, osasun egoera dela-eta apur bat atzeratu den arren haien abiaraztea, Segurtasunaren aldeko Itunean jasotako konpromisoetako baten ondorioz hedatuko dira auzoetan tailerrok; itun horretan, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartzen dute.

AUZOKO TAILERREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

Lehenengo tailerra Otxarkoagan eratu zen, eta 2018tik dago abian. Ondoren, Errekaldekoa eratu zen, 2019ko otsailean. Abian daude, halaber, San Frantziskoko tailerra (San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra), 2019ko abenduan eratu zena; Zorrotzakoa eta Abandokoa, 2020ko urtarrilean eratu zirenak, eta Zazpi Kaleetakoa (Atxuri, Iturralde, Zazpi Kaleak eta Solokoetxe), aurtengo otsailean eratua.

2020an Uribarrikoa sortu da (Castaños, Matiko, Loruri eta Uribarri auzoak), martxoaren hasieran. Eta, oraintsu, urrian, beste lau ere eratu dira: Santutxukoa (Bolueta eta Santutxu hartzen ditu), Deustukoa (San Pedro, Erribera eta Arangoiti), Indautxu eta Irala (Iralabarri eta Ametzola).

Tailerren funtzionamendua oso positiboa izaten ari da. Izan ere, Herritarren Segurtasuneko Sailari elkarlanean aritzea ahalbidetzen dio, eta auzo bakoitzeko arazo eta berezitasunei herritarren eskutik heltzea.

Gainera, arazo horien jarraipena egiten du eta konponbide izan daitezkeenak aztertzen ditu lankidetza-foro batean, herritarrek, gizarte-eragileek, elkarteek eta Udaltzaingoak eratua. Hain zuzen ere, Otxarkoagako eta Errekaldeko tailerrak, martxan jarri ziren lehenak, Bilboko Udaltzaingoaren 175. urteurrenagatik iaz Euskalduna Jauregian egin ziren jardunaldietan analizatu ziren, eta herritarren segurtasuneko jardunbide egokia direla ondorioztatu zen.

Tailerrak adibidea dira ikusteko nola duen Udalak hartua komunitate-polizia gertuko baten aldeko jarrera, eta, preseski, Bilboko Segurtasunaren aldeko Itunaren zutabeetako bat da auzoko poliziaren ereduan harago joatea.

Tailer bakoitzaren barruan herritarren ordezkaritzako foro iraunkor bat eta herritar guztiei irekitako foro bat daude. Baina, gainera, arazo zehatzetarako lantalde bereziak sortu daitezke, baldin eta Udaltzaingoko aginteek hala eskatzen badute edo herritarrek eskatzen badute.

Foro Iraunkorrek herritarren eta Udaltzaingoaren 6 ordezkari dauzkate gehienez. Foro hori hilean behin batzartzen da normalean, eta bilkura horietan irekitako kasuak ebaluatzen dira, ebatzitakoak ixten dira, eta berriak irekitzen.

Lau hilean behin, Foro Ireki bat egin beharko litzateke, segurtasun-tailerraren eremuko herritar guztiak gonbidatzeko. Foro ireki horiek, ordea, bertan behera geratu dira, osasun-krisiaren ondorioz.