BILBO. Bihar, hilak 18, asteazkena, koronabirusaren pandemiak uriko saltoki eta establezimenduetan eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko abiarazitako merkataritza bonuen kanpaina jarriko da martxan. Kanpainaren helburua Bilboko merkataritza, kultura, ostalaritza eta turismoaren sektoreak laguntzea da.

Programa bihar hasiko da, eta merkataritza eta kultura bonuekin ekingo zaio. Ondoren, hurrengo etapetan, birusaren kaltearen bilakaeraren arabera, ostalaritza eta turismoko bonuak hasiko dira.

Oso erraza izango da txartelak eskuratzea. webgune honetan sartzea baino ez dago, edo Kutxabanken sarrerak saltzeko kutxazainen bitartez erosi.

Webgunearen kasuan, ekimen honetarako prestatutako plataforma digital bat izango da, guztiz irisgarria eta erraza, bai saltoki zein establezimenduek atxikitzeko, bai herritarrek bonuak erosteko. Webgunera sartzerakoan, honako urrats hauek bete beharko dira: hautatu kategoria (orain merkataritza eta kultura bakarrik), kontsumitzeko edo jarduera egiteko eremua (merkataritza eta ostalaritzaren kasuan) eta eskuratuko den bonuaren zenbatekoa.

Bestalde, kanpainari buruzko kontsulta orokorrak egiteko posta elektroniko bat gaitu da: bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus.

DIRULAGUNTZA HANDIA JASO DUTEN BONUAK

Gogoan izan, datu garrantzitsu gisa, udalak diruz laguntzen dituela bonuak, eta, horrela, bonu bakoitzaren zenbatekoaren erdia ematen die erosleei. Gainera, bateragarriak eta pilagarriak dira beste administrazio batzuetako bonuekin.

Hona hemen orain kaleratuko diren bonuen balioa:

1.- Merkataritzan: 30 € (kontsumitzailearen 15 € eta Udalaren 15 €).

2.- Kulturan, bi modalitate:

  • 20 €: (kontsumitzailearen 10 € eta Udalaren 10 €; adibidez: liburuak, diskoak€)
  • 40 €: (kontsumitzailearen 20 € eta Udalaren 20 €; adibidez: antzerkia€)

GUZTION ESKURA

Nahi duenak eskura ditzake bonuak, baina adinez nagusia izan beharra dago, bertan bizi zein bisitariak izan, eta webgunean edo Kutxabanken kutxazainean erosketa egiteko orduan NAN edo AIZ egiaztatu. 2021eko martxoaren 31ra arte eskuratu ahal izango dira.

Erosi ondoren, kanpainari atxikitako establezimenduetan trukatu ahal izango dira, paperean edo passbook (mugikorra) bitartez. Establezimenduen zerrenda webgunean bertan jasoko da, barrutiak agertuko diren mapa batean.

Horri dagokionez, merkataritzaren eta ostalaritzaren kasuan, txartela erosten den unean, bonua zein barrutitan kontsumitu nahi den hautatu beharko da, eta barruti horretan baino ezin izango da trukatu.

NAN bakoitzeko, gehienez, 20 bonu eskuratu ahal izango dira. Erosketa egiterakoan, gehienez, tiket bakoitzeko 4 txartel erabili ahal izango dira establezimenduetan. Era berean, tiketaren zenbatekoa bonuaren berdina edo handiagoa izan behar da, erosketa edo kontsumizio bakoitzean oso-osorik agortzeko modukoa.

Txartelak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira eta martxoaren 31ra arte luzatuko da epea, baina trukatzeko azken eguna 2021-04-30a izango da. Establezimenduak pasa den ostegunetik, azaroaren 12tik, daramate kanpainarekin bat egiten, eta, gainera, programa amaitu arte atxiki ahal izango dira.

BILBORAKO 185.000 BONU

Kanpaina aurkezteko ekitaldian Juan Mari Aburto alkateak aurreko astean azaldu zuen bezala, guztira, 185.000 bonu merkaturatuko dira. covid-19ak gehien kaltetutako lau sektoreetan banatuko dira. Hiribilduan 9 milioi euroko negozio-eragina izango dutela aurreikusi da.

Hiri batean abian jarri den bonuen eskaintzarik garrantzitsuena eta osoena da, eta Bilboko Udalak ezaugarri horiek dituen ekimen bat aktibatzen duen lehen aldia da.

Horretarako, guztira, 3 milioi euroko inbertsioa egin da, eta horietatik 2,6 milioi #BonuBilbao ekimenerako dira, eta beste 400.000 euroak Euskadiko erakundeen arteko kanpainarako.

185.000 bonuetatik, merkataritzan erosketak egiteko 48.727 bonu eta kultura kategorian erabiltzeko 34.261 kaleratuko dira orain. ostalaritza/jatetxeak sektoreari dagokionez, hurrengo fasean kaleratuko dira bonuak, eta 91.364 bonu izango dituzte. turismoaren kasuan gauza bera, beste 10.507 bonurekin.

Zerbitzuak kenduta, mota guztietako establezimenduetara iritsiko den programa bat da.