BILBO. 433.000 euroko aurrekontua bideratu egin du Bilboko Udalak Santutxu auzoko Karmelo plazako lanak egitera. Lan horiek lau hilabeteko iraupena izan dute, eta dagoeneko amaitu egin dira. Era guztietako hobekuntzak egin dira, bai irisgarritasunezkoak, bai estetikazkoak.

Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak Udaleko beste kide batzuekin batera, auzoko topaleku nagusietako baten eraberritzea bisitatu du gaur; topaleku ez ezik, gizarte eta kultur hitzordu anitz gertatu ohi den lekua ere bada Karmelo plaza.

Lorezaintza eta altzariteria izan dira protagonistak berrikuntza honetan, elementu bereizgarriak ipini baitira, eta landare edergarriak ere bai, eta, hala, balioa eman dio lekuari, non jende asko bildu ohi baita.

Jarduera hau bi guneetan gauzatu da, plazaren beheko aldean eta goikoan, bakoitza 1.200 metro koadrokoa. Beheko aldera, zeina izen bereko parrokiaren aurrean baitago kokatuta, Karmelo plazatik da sarbidea. Goiko aldeko plataformara badago sarbidea behekotik, eta baita Landaburu baserriaren kaletik ere.

Jardun honen xedea izan da plaza edertzea eta haren kalitatea hobetzea, lorategiak ere eraberrituz, kolorea eta egitura berria emanez parterreei eta era bateko eta besteko giroak bereizteko elementuak ezarriz. Landare espezieak handiagoak izango dira, eta bolumen desberdinak eratuko dituzte, multzoari kolorea eta dibertsitatea emango dioten espezie anitzekin.

Beheko aldean, Karmelo kalera begirako begiraleku bat eraiki da erabilerarik ez zuen antzinako parterre baten gainean, eta arranpa batekin du sarbidea. Halaber, elizako eskaileretako balaustrada konpondu da.

Bestalde, Bilboko Udalak metalezko bi pergola jarri ditu, bana parterrearen alde bakoitzean, elizara sartzeko eskaileren alboetan, eta, hala, estalkidun bi pasealeku sortu dira. Haietako bat, markesina zuzen bat da, egonleku berrira sartzeko arranpa estaltzen duena. Estalkia horizontala du, eta garaiera gutxituz doakio arranpan igo ahala, 3,50 metrotik 2,50 metrora.

Beste pergola, berriz, aurreko parterrean dago kokatuta. Markesina makur bat da, eta zoladuraren zati bat estaltzen du; haren babesean, bi jarleku kokatu dira, egonleku bat eratuz. Bi pergolak aihenez estaliko dira. Horrez gain, elizaren harresiaren ondoan, hiru zuhaitz ipini dira.

Goiko aldean, lekuz aldatu da erdialdeko iturria, espazio ireki eta oztopo gabeko bat uzteko. Gune horretan, lau landareontzi ipini dira erdialdeko gunea edertzeko. Era berean, lehendik zeuden zuhaitzak bertan itxi dira.

LANDAREZKO HORMAK

Espazioari berotasuna ekarri dion beste jardun bat izan da landarezko hormak eratzea lehendik zeuden batzuen gainean. Haietako bat beheko aldean dago; goiko plazara igotzeko arranpa mugatzen duen parterrean dago. Bestea, ostera, elizaren hormaren ondoan luzetara doan parterrean egin da.

Jardun horrekin hobetu egin da altzariteria. Jarleku berriak ipini dira, estilo klasikokoak, plazako guztiak bateratzearren; egonlekuaren gune batzuk eta besteak zedarritzeko moduan ipini dira. Horrez gain, hesiak ipini dira leku batzuetan eta besteetan, plaza segurtasun handiagoz hornitzeko eta parterretako batzuetara sartzea eragozteko, hesiek ez dutelarik ikuspegia eragozten.

Azpimarratzekoa da landare-parterre guztietan ureztatze automatikoaa sartu dela lorezaintza hau mantentzea errazteko, zaintza eta arreta gehiago eskatzen baitu.

Lanak 4 hilabetean burutu dira, eta 433.000 euro inbertitu dira guztira.