BILBO. Bi aste barru hasiko den Euskaraldian belarriprest izango diren herritarren garrantzia aldarrikatu egin du Bilboko Udalak. Euskararen erabilera sustatzea helburu duen jaialdia azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaitu egingo da.

Bilboko Euskalduna jauregian egindako agerraldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Koldo Narbaiza Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak eta Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak parte hartu dute.

COVID-19AK BALDINTZATUTAKO ARIKETA SOZIALA

Herritarren eguneroko harremanetan hizkuntza inertziak astindu eta euskararen erabilera areagotzea da Euskaraldiaren helburu nagusia. Harreman horiek, Covid19aren eraginez mugatuta eta baldintzatuta egon arren, egunerokoak izaten jarraitzen dute. Ondorioz, "kalean presentzia gutxiago izango dugun arren, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzea posible dela, eta Euskaraldia egin egingo dela" azpimarratu du Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak.

Era berean, pandemiak eragindako egoeran arlo digitalak herritarren arteko harremanetan hartu duen garrantzia handitu egin dela aintzat hartuta, hurrengo asteotan sarean eta gailuen arteko komunikazioan ahobizi edo belarriprest aritzeko gomendio eta jarraibideak zabalduko dituztela iragarri dute ekimenaren sustatzaileek.

Aurten, Euskal Herri osoko 421 udalerritan egingo da ariketa, eta 25.000 arigunetik gora osatu dira 6.800 entitatetan. Beraz, ariketa egiteko oinarri sendoa dagoela adierazi dute antolatzaileek. Ariketa izango den 15 egunetan, etxean, lanean, merkataritzan zein eremu digitalean ditugun harremanetan aldaketak egiteko, Euskaraldia baliagarria izango dela nabarmendu dute.