Azaroaren 7an eta 13an

Zinebi eta FANT jaialdiak jasoko ditu Bilbok aste honetatik aurrera

05.11.2020 | 14:38

BILBO. Datorren larunbatean, hilak 7, Bilbok jasoko dituen zinemarekin erlazionatutako bi jaialdietako lehenengoa hasiko da, FANT-Fantasiazko Zinemaren Jaialdia. Bigarrena, aldiz, Zinebi-Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zine Jaialdia, azaroaren 13an hasiko da, hau da, datorren asteko ostiralean. Jaialdi biek euren segurtasun-protokoloak egokitu dituzte emanaldiak seguruak izan daitezen, koronabirusari aurre egiteko.

Hala, bi jaialdiek segurtasun eta higiene neurriak ezarri dituzte bertaratutakoentzat, esaterako zinema-aretoen edukiera % 50era mugatuko da eta espazio bakoitza garbitu eta desinfektatzeko hogeita hamar minutu gordeko dira saio baten eta hurrengoaren artean. Gainera, maskarak nahitaez erabili beharko dira eta ikusleen artean segurtasun tartea bermatuko da, eta gela hidroalkoholikoa izango dtute eskura.

Modu berean, gonbidatutako pertsonen, profesionalen, antolatzaileen eta ikus-entzuleen osasunaren arriskuak ahalik eta gehien murrizteko, Zinebiren eta FANTen antolatzaileek erabaki dute gure EAEtik kanpoko profesionalen gonbidapenak bertan behera uztea; horrela, saioen kopurua murriztu egingo da.

FANTek badauka online plataforma bat erabilgarri, hala nahi duenak jaialdiko egitaraua gozatu ahal dezan esteka honen bidez: www.fantbilbaoonline.eus. Gainera, programatutako azken saioa 15:30era aurreratu du, 21:15ean amaitzeko.

Bestalde, edizio honetan, Zinebik zuzenean emango ditu 121 film (89 film labur, 25 film luze eta 6 film ertain) Golem Alhondiga zine-aretoetan, Arte Ederren Museoan, Guggenheim Museoan eta Arriaga Antzokian. Egungo egoeraren aldakortasuna kontuan hartuta, banatutako bonu guztiak ezeztatu eta prezio berezia egingo zaie erretiratuei, langabetuei eta ikasleei (sarrerak 3,5 eurotan salgai).

Online, FestHome plataformaren bidez, Sail Ofizialean (Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan) parte hartzen duten filmak ikusi ahal izango dira; FILMINen, berriz, ZIFF-Zinebi First Film lehiaketa sailean parte hartuko duten bederatzi film luzeak ikusi ahal izango dira, guztiak ere estreinaldiak estatuan. FILMINen, halaber, Beautiful Docs lehiaketaz kanpoko sailean dauden 9 dokumental luzeeetatik 8 egongo dira eskuragarri. Hortaz, egile hauen azken lanak aurkeztuko dira: Frederick Wiseman -City Hall-, Jia Zhangke -Swimming Out Till the Sea Turns Blue-, Ulrike Ottinger -Paris Calligrammes- eta Eléonore Weber -Il n'y aura plus de nuit.

Zinebi Networking: Dokumentalen sorgunea Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren hirugarren edizioari dagokionez, hilaren 17an online egingo da. Ekitaldia Zinebiren web orriaren bidez egongo da ikusgai, doan. Hor, dokumental luzeen zortzi proiektu lehiatuko dira pitching saio batean, 10.000 euroko saria eskuratzeko.

Bilboko Udalak erabaki du bi jaialdi hauetako programazioarekin jarraitzea. Izan ere, azken hilabeteetan argi geratu da zinema-aretoak eta kultur espazioak toki seguruak direla.

Era berean, zinegileek, ekoizleek, banatzaileek eta erakusketariek erakutsitako ahalegin eta konpromisoagatik eskerrak eman ditu, bi lehiaketa horien edizio presentzialak mantendu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, jakinik gaur egungo egoeran aldaketak egon daitezkeela, udal taldeek egunero ari dira lanean egitarauak unean uneko osasun-egoerara egokitzeko.