BILBO. Koronabirusaren pandemiak kalte ekonomiko handiak eragin ditu Bilboko saltokietan. Hori dela eta, Udalak lokalen eta negozioen alokairuaren ordainketetan akordioak egoteko bitartekaritza zerbitzua eskaintzen hasi da.

Zerbitzua doan eskaintzen da, eta dagoeneko hogeita hamar bat negoziok jaso dute laguntza. Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez kudeatzen da.

Helburua da bi aldeentzako (errentatzailea eta errentaria) onuragarriak diren elkarrekin adostutako akordioak erraztea, jarduerek aurrera egiten laguntzeko. Edonola ere, bide judizialetik jotzea baztertzen da.

BETEKIZUNAK ETA KONTSULTAK

Honako betekizun hauek bete behar dira neurri horren onuraduna izateko:

  • Enpresa txiki eta ertaina izatea, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, edo mikroenpresa edo autonomoa izatea, baina zerga-egoitza edo egoitza soziala edo lan-zentro bat Bilbon izanda.
  • EJZn alta emanda egotea lehenengo alarma-egoera deklaratu aurretik (2020ko martxoaren 14an).
  • Legez eratuta eta dagozkien erregistroetan inskribatuta egotea, eta lehenengo alarma-egoera deklaratzen den egunean (2020ko martxoaren 14a) alta emanda egotea Gizarte Segurantzako Araubidean edo dagokion Mutualitatean.
  • Egunean egotea, bai administrazio publikoekiko dagozkion zerga-betekizunetan, bai Gizarte Segurantzarekiko bete beharrekoetan. Inguruabar horiek ofizioz egiaztatu ahal izango ditu Bilbao Ekintza EPELek.
  • Pertsona juridikoen kasuan, baldintza horiek betetzen ez dituzten enpresen % 25etik gorako partaidetza ez izatea, zuzena zein zeharkakoa izan.
  • Negozio-lokalaren errentamendu-kontratua, betiere, familia-etxebizitza baten zati bat ez bada edo lokalaren errentatzailearekin 2. mailara arteko odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuna ez badago eta errentatzaile gisa jarduten duen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partedun ez bada.

Eskabide guztiak hemen gaitutako inprimakiaren bitartez izapidetu beharko dira: helbidea.

BILBAO AURRERA PLANA

Zerbitzu berri hau Bilbao Aurrera Planaren barruan dago, Gizarte, Ekonomia eta Kultura Larrialdietarako programa bat, 15 milioi eurokoa, eta covid-19aren osasun-krisiak hiriko pertsonengan eta enpresengan dituen ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko 50 neurri baino gehiagoko sorta bat du. Plan hori Bilboko Udaleko talde politiko guztien artean egin eta adostu da.

Ekonomiaren egoera gero eta larriagoa dela ikusita, beste neurri ekonomiko batzuen artean, ETEei, mikroenpresei eta autonomoei zuzendutako covid-19aren kontrako segurtasun-protokoloetatik eratorritako gastuei aurre egiteko eta zehazki babes-materiala erosteko laguntza zuzenen beste deialdi bat abiaraztea aurreikusi da, guztira, 222.750 euroko aurrekontuarekin.