BILBO. Datorren asteazkenean, azaroak 4, Euskal Museoko klaustroak Bilboko Udal Txistulari Bandaren emanaldi berri bat jasoko du. Bandak suite eta rapsodietan oinarritutako kontzertua eskainiko du oraingo honetan.

Garikoitz Mendizabal (zuzendaria eta txistu lehena), Idoia Kareaga (txistu bigarrena), Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier Garciak (atabala - perkusioa) aukera aprobetxatuko dute Joxe Mari Iparragirre abeslari eta poeta omentzeko. Bertsolaria ere izan zenaren errepertorio zabalaren barruan, Euskadiko abesti esanguratsu eta ezagunetariko bat nabarmentzen da: "Gernikako Arbola". Horrela, bere doinu batzuen interpretazioaren bitartez, txistulariek artista jaio zeneko 200. urteurrena ospatuko dute.

Kontzertuan zehar honako obrak entzungo dira, beste batzuen artean: "Minueto Monzon", J.I. Ansorenaren "Deika" eta "Labirulena", Pablo Sorozabalen "Osio bideko Polka", Joakin Osinagaren "V. Tonuko Sonata" (J. I. Ansorenaren moldaketekin), Eduardo Gorosarriren "Suitea lau denboratan", Josetxo Sánchez Salsamendiren "Ordoitz", R. Celayaren "Fantasía de aires vascos" eta Iparragirreren Iparragirreren bi zortziko eta "Elizatikan konbenturaino".

Aurreko okasioetan bezala, jarduna 19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da. Emanaldiaz gozatu nahi dutenek aldez aurretik hartu beharko dute gonbidapena esteka honetan.

Covid-19 prebenitzeko gomendio eta osasun-araudi guztiak errespetatu eta mantenduko dira.

Emanaldi honen ondoren, banda abenduaren 18an itzuliko da Euskal Museora urtea ahalik eta hoberen agurtzeko. Izan ere, 2020a Gabonetako Kontzertuarekin bukatuko da, urteko hitzordurik berezienetakoa, alegia. Okasio honetan, ikuskizuna bitan banaturik egongo da: banda tradizionala eta abesbatza.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: "Bilboko Udal Txistu Banda" (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin "Harizko Txistua"(2006); "Hala ere" (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; "Bihurrikeritan" (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; "Kantari Gabonetan" (2010) Leioako Kantika Koralarekin; "Plazan" (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin "Gogoeta" eta azkena, "X Urte, hamaika lagun" (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.