BILBO. Eusko Jaurlaritzak gaurko egunean ezarritako murrizketak egun zailak datozela ikustarazten dute. Hala ere, bilbotarrek hainbat ekintzaz gozatu ahal izango dute datorren ostiral eta larunbatean. #BilbaoUdazkena2020 kultur ekimenak era guztietako ekintzak prestatu egin ditu urriaren 30eko eta 31ko arratsalde-gauetarako.

Herritarrek 'XXL' partida bat jokatu ahal izango dute tetrisera, edo Bilboko baldosa klasikoa indarrez zapaldu. Eta uriko semaforoetan bizi diren izaki txikien matxinada ere ikusteko aukera izango dute. Hori guztia, Itsasadarra protagonista dela; izan ere, Uribitarte, Campo Volantin pasealekua eta Abandoibarra izango dira proposamen horiez gozatzeko guneak.

Honako honetan, ez da sarrerarik behar, ekitaldiak kanpoaldean egingo direlako; halaxe gogorarazi gura izan du Udalak. Ohartarazi du, ordea, nahitaezkoa dela higiene eta osasun arauak betetzea, baita segurtasunekoak ere, eta gomendatu du saihestea pertsonen elkarretaratzeak eta pilaketak.

Bilboko Udalak lanean jarraituko du, "#BilbaoAurrera" planean azaldutako ildotik, covid-19 pandemiaren ondorioak arintzearren, eta, hala, eraginik latzena jaso duten sektoreei eta kolektiboei laguntzearren. Hori dela eta, Udazken honetarako kultur eskaintza, Bizkaiko hiriburuan, oso bertakoa da tankeraz, eta Euskal Herriko sortzaileak, artistak eta hornitzaileak dira gailen.

INSTALAZIOAK

Argizko Izakiak. Uribitarteko arrapaletan (Correos eraikinaren atzealdearen gainean)

'Argizko izakiak' Bilboko semaforoetako silueta txiki eta argizkoak dira. Asperturik laukitxo batean bizitzen, semaforoetako gizontxoek jauzi egingo dute kanpora egoera harrigarriak sortzeko hiriko elementuekin elkarreraginez. Bideo-mapping instalazio dibertigarri bat da.

  • Ordutegia: 19.00 - 21.30.

La Baldosa. Salbe zubiaren azpian

Bilboko baldosa erraldoi bat, 40 zentimetro luze eta argiztaturik, Pedro Arrupe zubiaren azpian jarriko da. Baldosaren marrazki geometrikoen erliebe bakoitzak argiztapen eta soinu sekuentzia bat aktibatzen du zapaltzean, baldosaren gainean zapaltzen den moduaren arabera konposizio bat edo beste bat sortuz.

  • Ordutegia: 19.00 - 21.30.

Gran Arcade. Albia eraikinean

Albia eraikinean ibaiari begira dagoen fatxadan neurri handiko tetrisa proiektatuko da.

  • Ordutegia: 19.00 - 21.30.

Itsasargiak. Abandoibarran.

Gainera, egunokaz, argiztatuta jarraituko dute, kolorezko iragazkiekin, Abandoibarrako kale-argiak, itsasargiak bailiran: itsasargiak.

  • Ordutegia: 19.00 - 21.30.

#BILBAOUDAZKENA2020

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du kultura-sektoreari laguntzeko apustuarekin, covid-19aren pandemiak gogor jo duen sektoreetako bat baita, eta #BilbaoUdazkena2020 ekimena aktibatu du, udagoien honetan auzoetan barreiatuta eskainiko diren aisia- eta kultura-proposamenarekin. Hilabete hauetan, tokiko konpainia eta artistek auzoak dinamizatuko dituzte kalitatezko kulturarekin: musika, zinema, antzerkia, dantza, magia eta literatura, besteak beste.

#BilbaoUdazkena2020 garatzeko, osasun-agintariek unean-unean ezarritako segurtasun-protokolo guztiak jarraituko dira, eta zorrotz aplikatuko dira gomendioak, dela kultura- eta jai-ekitaldiak egiteari, osasun publikoa bermatzeko beharrezkoak diren mugei eta espazio publikoan aire zabaleko jarduerak nahiz ekitaldi jendetsuak egiteko gehienezko pertsona kopuruari dagokienez Hori guztia, kultur eragileen eta ekitaldi guztietako ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko asmoarekin.