BILBO. 1977 eta 2017 bitartean izan diren erakusketa zehatzak aztertzen dituen 'Erakusketaren saioa (1977-2017)' izeneko topaketa jasoko dute Azkuna Zentroak eta Bulegoa z/b erakundeak.

Oraingoan, 1997-2007 aldiari buruzkoa izango da, eta urriaren 21ean eta 22an izango da, formatu hibridoan, aurrez aurre eta online. Sei txostengile gonbidatuez gain, aurrez aurreko programan, hiru komunikazio eta tailer bat ospatuko dira, urrian, sinposioaren edukiekin lotutako materialak lantzeko.

Orain arte hiru topaketa egin dira. Lehena, 2016. urtean, hitzaurrearen formatuan; eta beste biak, 2017. eta 2019. urteetan, 1977. eta 1987. urteen arteko eta 1987. eta 1997. urteen arteko hamarkadei eskainiak, hurrenez hurren.

Gonbidatutako txostengileez gain, lau komunikazio aurkeztuko dira, Ieva Astahovska, Carmiña Dovale Carrión eta Jone Alaitz Uriarteren eskutik, uztailaren 15etik irailaren 1era bitartean aurkezten direnen artean aukeratutakoak.

LAUGARREN TOPAKETA: 1997-2007

Erakusketa espazio fisiko jakin batean bildutako objektu-multzoa da. Bisitatzen duenak bera dagoen espazio-denborazko esparru bera betetzen duten formekin eta artefaktuekin egiten du topo. Egoera horrek aukera ematen dio ikusleari espazioan barrena ibiltzeko eta ibilbideak marrazteko, bere gorputzaren eta objektu horien arteko topaketa zuzenean bitartekari aritzeko.

Espazio-denborazko esparru horretatik bertatik hedatzeko eta gainezka egiteko aukera ematen duen gailua ere bada erakusketa. Laugarren topaketa honek aztergai dituen urteak bat datoz teknologia digitalak garatzeko, globalizazio-prozesua bizkortzeko, eta, orobat, horiek artearen testuinguruan eragiteko funtsezkoa izan zen une batekin. Erakusketa-gailuaren potentziala praktikan jartzeko urteak ere badira. Normaltasun Berriaren testuinguruan egingo den laugarren topaketa honetan, praktikan jartze horietako batzuk aurkeztuko dira. Adibide horietan, erakusketa tresna kritiko gisa agertzen da, gurutzatzeko eta elkargune publiko bat sortzeko helburua duen makina diskurtsibo gisa.