BILBO. Koronabirusaren pandemiak ez du ekidin Begoñako Ama Birjinari urtero egin ohi zaion bisita ofiziala. Hala, segurtasun neurri guztiak beteta, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Bizkaiko Zaindariaren eguneko ospakizunean ohorezko erromesaren lana bete egin du igandean iluntzean.

"Deustuko bilbotarra naizenez gero, Bilboko Alkate hautatua izatea da bizitzak orain arte eman didan ohorerik handiena, baina Begoñako Basilikan bataiatutako bizkaitarra naizenez, eta ezkondu izanaren 25. urteurrena ere bertan ospatu nuela kontuan hartuz, aintzatespen hau nire bizitzako gertaerarik zirraragarri eta errepikaezinenetakoa da, eta debozioz eta maitasunez gordeko dut oroimenaren txokorik distiratsu eta argitsuenean", aitortu du hunkituta Juan Mari Aburtok.

Mallonako Galtzadetan egin ohi den "zuzien prozesioaren" ordez aurten tenpluaren barruan antolatu duten ibilbide laburraren ondoren, Alkatea, Joseba Segura Bilboko Gotzain Laguntzailea ondoan zuela, ezohiko ekitaldi baten protagonista bihurtu da, COVID-19ak eraginda ezarri diren mugapen soziosanitarioen ondorioz.

"Garai berezia da oraingoa, arraroa bezain imaginaezina duela soilik urtebete, Amatxuren Egunaren aurreko ospakizunean, baina gertatuak gertatu, etorkizunari begira jarraitu behar dugu ilusioz eta konfiantzaz, eta fede osoz sinestu behar dugu, berandu baino lehen, Covid-19aren pandemia gaindituko dugula", adierazi du, "egungo ezbeharrak oroitzapen bihurtu eta gizaki guztion onena aterako duten" esperantzan.

Era berean, Aburtok gogoratu du XIX. mendearen erdialdean, Begoñako Andre Maria prozesioan eraman zutela Hiria astindu zuen kolera-pandemiaren kariaz, "eta ostegun honetan 120 urte bete direla Koroatu zutela". Bizkaiko Zaindariari zuzenduta, Alkateak argia eta argitasuna eskatu du "beldurraren eta gizagabetasunaren itzalak ezabatzeko eta pertsona guztiontzako mundu berri bat eta Bilbo berri bat lortzeko".

Joan den astelehenean, urriak 5, Arriaga Antzokian jaso zuen Aburto Alkateari Begoñako Ama Birjinaren 'ohorezko erromesaren' zapi bereizgarria, karguan aitzindari izan duen Boni Garcia ostalariaren eskutik. Carlos Bacigalupe eta Txema Soria kazetariak, K-Toño ilustratzailea, Marino Lejarreta txirrindularia eta Enrique Thate ostalaria dira Begoñako Kofradiak izendatutako beste 'ohorezko erromes' batzuk, Ibon Areso, Josu Erkoreka, Mercedes Rodriguez, Beatriz Marcos eta Ibone Bengoetxearekin batera, besteak beste.