BILBO. Koronabirusaren pandemiak abiadura moteltzera behartu egin duen arren, Bilboko beste lau auzok jasoko dituzte segurtasun-tailerrak. Auzo horiek Deustu (Done Petri, Deustuibarra eta Arangoiti), Indautxu, Irala (Iralabarri eta Ametzola) eta Santutxu (eta Bolueta) dira.

Lau horiekin, dagoeneko auzoko 11 tailer osatu dira dagoeneko. Eta azken hirurak baino ez dira falta -Basurtukoa, Miribillakoa eta San Ignaziokoa-, Bilborako aurreikusten diren 14 segurtasun-tailerrak abiatzeko. Tailerren hasiera osasun-egoerak atzeratu du.

Auzoko tailerren garapena eta jarraipena Segurtasunaren Ituneko konpromisoetako baten ondorio dira, Ituna Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek sinatu baitzuten.

AUZOKO TAILERREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

Lehenbiziko tailerra Otxarkoagan antolatu zen eta 2018ko azarotik dago martxan. Gero Errekaldekoa sortu zen, 2019ko otsailean. Hauek ere abian dira: San Frantziskokoa (San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra), 2019ko abenduan eratua; Zorrotzakoa, 2020ko urtarrilean eratua; Abandokoa, 2020ko urtarrilean eratua, eta Alde Zaharrekoa (Atxuri, Iturralde, Zazpi Kaleak eta Solokoetxe), aurtengo otsailean.

2020an Uribarrikoa sortu da (Castaños, Matiko, Loruri eta Uribarri auzoak), martxoaren hasieran.

Martxan dauden tailerren funtzionamendua oso positiboa izaten ari da. Izan ere, Herritarren Segurtasuneko Sailari elkarlanean aritzea ahalbidetzen dio, eta auzo bakoitzeko arazo eta berezitasunei herritarren eskutik heltzea. Gainera, arazo horien jarraipena egiten du eta balizko konponbideak aztertzen ditu lankidetza-foro batean, herritarrek, gizarte-eragileek, elkarteek eta Udaltzaingoak eratua. Hain zuzen ere, Otxarkoagako eta Errekaldeko tailerrak, martxan jarri ziren lehenak, Bilboko Udaltzaingoaren 175. urteurrenagatik iaz Euskalduna Jauregian egin ziren jardunaldietan analizatu ziren, eta herritarren segurtasuneko jardunbide egokia direla ondorioztatu zen.

Amaia Arregi Segurtasun Saileko zinegotziaren iritzian, "auzoko tailerrek erakutsi dute herritarrek zuzenean parte hartzeko espazioak sortzea (elkarteen inplikazioarekin, bereziki) funtsezkoa dela hiriko auzoetan segurtasuna planeatzeko (zein bere berezitasunekin eta bere nortasunarekin), gatazkak konpontzeko, eta herritarren eta udaltzainen artean konfiantza-espazioak sortzeko, Bilboko Udaltzaingoaren irudia komunitateko eta hurbileko polizia batena izan dadin".

Hain zuzen ere, Bilboko Segurtasunaren Itunaren oinarrietako bat da auzoko poliziaren ereduan sakontzea, eta Bilboko Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiek sinatu zuten itun horretako konpromisoetako bat tailer hauen eraketa da.

Tailer bakoitzaren barruan herritarren ordezkaritzako foro iraunkorra eta herritar guztiei irekitako foro bat daude. Baina, gainera, arazo zehatzetarako lantalde bereziak sortu daitezke, baldin eta Udaltzaingoko aginteek hala eskatzen badute edo herritarrek eskatzen badute.

Foro iraunkorrek herritarren eta Udaltzaingoaren 6 ordezkari dauzkate gehienez. Presidente bat dauka (barrutiko kontseilu horretako presidentea den pertsona bera), eta idazkari bat ere bai, bilkuren deialdiak eta aktak egiten dituena. Foro hori hilean behin batzartzen da normalean, eta bilkura horietan irekitako kasuak ebaluatzen dira, ebatzitakoak ixten dira, eta berriak irekitzen.

Lau hilean behin, foro ireki bat egin beharko litzateke, segurtasun-tailerraren eremuko herritar guztiak gonbidatzeko. Foro ireki horiek, ordea, bertan behera geratu dira, osasun-krisiaren ondorioz.