BILBO. Dentix hortz-kliniken hartzekodunen lehiaketak kaltetutakoentzako erabiltzaileek Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Informaziorako Bulegoarekin (KIUB) batera argitaratu duten jardun-gidaz baliatu ahal izango dira.

Enpresa horren jarduera eten egin daiteke, birfinantzaziorako edo epe laburreko inbertsiorako akordio bat lortzeko ezintasuna dela eta. Une honetan Bilboko bezeroen 35 erreklamazio izapidetzen ari da KIUB, eta horien zenbatekoa 104.000 eurokoa da guztira.

Dentix hortz-kliniken sare bat da, Bizkaiko lurralde historiko osoan hamar inguru sukurtsal dituena, eta azkenaldian zenbait establezimendu itxi dituena finantzazio-arazoak direla eta. Horren ondorioz, zerbitzuaren kuotak ordainduta zituzten bezero askok ez dituzte adostutako tratamenduak jaso, eta ez zaie ordaindutako dirua itzuli.

Berriki, Dentixek ofizialki jakinarazi du hartzekodunen lehiaketa eskatzen duela bere borondatez, ez baitu ziurtasunik zorra birfinantzatzeko akordio bat lortzeko eta bere kliniketan epe laburreko inbertsioa egiteko aukerez, eta "negozioa etengabe gain behera" ari baita.

Hala, Bilboko Udalaren Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Informaziorako Bulegoak egokitzat jo du zenbait gomendio zabaltzea, gertakari horrengatik kalteren bat jasan dutenek kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak ezagut ditzaten, eta egoera honetan horiek nola baliatu jakin dezaten.

KIUBEK EGINDAKO JARDUN-GIDA

Dentix (Dentoestetic Centro de Salud y Estética Dental SLU) enpresaren pazienteek honako bideak har ditzakete, haren egoera dela eta:

  • Kaltetutako kontsumitzaile modura, komenigarria da enpresako arduradunekin harremanetan jartzea, burofax, ziurtatutako gutun edo telegrama bidez, gaia "kontratua ez betetzea" dela adieraziz, kaltea eragiten duen arazoa konpontzeko. Establezimendua itxi badute eta egoitza nagusi bat badago, egoitza nagusira jo.
  • Zerbitzuaren kontratazioarekin zerikusia duen dokumentazio guztia bildu eta gorde: publizitatea, diagnostikoa, aurrekontua, kontratua edo faktura, historia klinikoa (aurrekontua eta egindako esku-hartzeen zerrenda) eta kontratuaren ebazpenaren eskaria, halakorik balego.
  • Erreklamazioa aurkezteko arrazoia egindako tratamenduarekiko desadostasuna bada, hau da, jardunbide deontologiko txarra edo praxi txarra, Osasun Sailera edota Bizkaiko Haginlarien Elkargora jo beharko da. Edonola ere, hainbat egoera sor daitezke klinika bat itxi eta bertan burutu gabeko tratamendu bat kontratatuta izanez gero.
  • Tratamenduaren zenbateko osoa edo haren zati bat ordainduta izanez gero eta enpresarekin harremanetan jartzea guztiz ezinezkoa bada, zentzuzko epearen barruan erantzunik jasotzen ez bada edo erantzuna ez bada kontsumitzailearentzat egokia, epaitegietara jotzea da geratzen den bide bakarra, bai banako modura, bai Kontsumitzaileen Elkarte baten bidez, dagokion aholkularitza jasotzeko xedez.
  • Entitate batekin finantzaketari lotutako kontratu bat sinatu baduzu, jo ezazu Entitate horretara finantzazio-kontratua baliogabetzeko, bete ez dutela eta (ez dizute zerbitzu osoa eman). Kontratu horiek unitate komertzialak dira eta, ondorioz, zerbitzu-kontratua ez betetzeak berez dakar mailegu-kontratua baliogabetzea. Jakinarazi iezaiozu finantza-enpresari, zalantzarako tarterik utzi gabe, zerbitzua eteteak kontratuarekiko zenituen betebeharrak bertan behera geratzea dakarrela.
  • Zure eskaria aintzat hartzen ez badute, lehenik eta behin erreklamazio bat aurkeztu kreditu-entitatean bertan; erantzunik jaso ezean, erreklamazio bat aurkez dezakezu Bilboko Udalaren Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Informaziorako Bulego (KIUB) honetan, arazoa bitartekaritza baten bidez konpontzeko, edo, eskariaren datatik hilabete igaro bada, Espainiako Bankuan aurkez dezakezu erreklamazio bat.
  • Bitartekaritzak fruiturik ematen ez badu, auzibidea zabaltzen da. Horrek ez du eragotziko, hala ere, finantza-enpresa ikuskatu eta zigortu ahal izatea kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko legea urratzeagatik, kontsumorako kredituen legeari dagokionez. Kreditu-txartelaz ordaindu baduzu, eskatu kreditu-entitateari zordunketa baliogabetzeko, eta zenbatekoa zure kontuan sartzeko.
  • Hala eta guzti ere, lotutako finantzazio-kontratu bat sinatuz gero entitate batekin, edo kreditu-txartelaz ordainduz gero, dagokion erreklamazioa aurkez daiteke Bilboko Udalaren Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Informaziorako Bulegoan.