BILBO. Arangoiti, Deustoibarra, Elorrieta eta Peñascal auzoek kale-antzerkiaz gozatu ahal izango dute hurrengo asteburuetan. Konkretuki gaurtik, hilak 9, igandera, eta urriaren 16 eta 17an, gauzatuko dira programatuta dauden ekintzak. Sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte eta, noski, segurtasun-neurri guztiak beteta.

Horiek guztiak tokiko konpainien eskutik iristen dira, 0. kilometroaren eta kalitatearen kultura auzo horietako bizilagunei hurbiltzeko.

EMANALDIAK

  • Urriak 9, 10 eta 11

El Peñascal (La Vaguada)

Urriaren 9an (ostirala), 17:30ean, The Funes Troup-ek Peñascaleko bizilagunekin partekatuko du 'Aukerak' ikuskizuna. 'Aukerak' zirku berriaren proposamena da, dimentsio eta poetika batekin, eta, objektuak manipulatuz, teknika akrobatikoak eta irudia erabiliz, bizitzako aukerez, giza harremanez, ametsen bilaketaz, helmugez eta joaneko bidaia baterako hautatu behar diren bideez hitz egiten du.

Arangoiti (Araneko plaza)

Urriaren 10ean, larunbata, 18:00etan, Eidabe konpainiak 'Gora Kasete!' aurkeztuko du. Ikuskizun honetan, ikusle guztiak gonbidatuta daude Margarita izekoren urtebetetzea ospatzera. Bere bizitzako abestiekin grabatutako kasete bat oparituko diote.

Hurrengo egunean, igandean, hilak 11, Bihotz Alai Dantza Taldeak dantza tradizionalen emanaldia eskainiko du 13:00etan.

Arratsaldean, 18:00etan, D'Albenizen txanda izango da, bere proposamena 'Boom clap, magia gara!' proposamenarekin. Ikuskizun hunkigarria da, familia osoak parte har dezan, eta gauza ezinezkoak lortuko dira, hitz magikoekin "Boom clap, boom clap, magia gara!".

  • Urriak 16 eta 17

Deustuibarra (Eugenio Olabarrieta plazaren ondoko futbito kantxa)

Urriaren 16an, ostirala, 19:00etan, arratsalde ezberdin batez gozatu nahi duenak Hutsun & Ortzi eta 'Urbasa'ren eskutik egin ahal izango du. Antzezpen honetan, konpainiak lortu nahi du txalapartaren bidez, zurezko eta harrizko soinuekin, jendeak hitz egiten duen basoa eta xuxurlatzen duen errekatxoa entzutea.

Elorrieta (plaza)

Urriaren 17an, larunbata, Hortzmuga Teatroa eta Jule bilbotarrek kaleko arteak Bilboko auzoetara hurbiltzeko proposamena egingo dute. Hortzmuga Teatroak eta Julek kale-ikuskizuna eskainiko dute familia osoarentzat, umorea, fantasia eta irudimena eta konpainiak jendearengana hurbiltzeko duen modu berezia uztartuz. 18:00etan izango da.

#BILBOUDAZKENA2020

Sei plan horiek #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren programazioaren barruan kokatzen dira; horren bidez, Bilbo kulturaz eta gustu eta interes guztietarako planez beteko da datorren urrian eta azaroan.

#BilbaoUdazkena2020 Bilboko Udalak kultura-sektorea bultzatzeko eta hari eskua emateko egindako apustua da, covid-19 krisiak gehien eragiten dion sektoreetako bat dela baitaki.

#BilbaoUdazkena2020ko programazio osoak zorrotz jarraituko die osasun-agintariek ezarritako protokoloei.