BILBO. Gaur, hilak 7, asteazkena, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bilboko udal musika Bandak "Memoriaren soinua" izena daraman denboraldi berriari emango dio hasiera Arriaga Antzokian. Aurten Bandaren 125. urteurrena ospatzen ari dira. Gaurko emanaldia "Eskerrik asko" lelopean egingo da, eta José R. Pascual-Vilaplanak zuzenduko du.

"Eskerrik Asko" euren lanaz, kemenaz, arduraz eta eskuzabaltasunaz pandemia hau eramaten lagundu duten guztientzako omenaldi bat izango da. Kontzertua obra berri batekin hasiko da, estatu mailan estreinatuko den obra batekin, hain zuzen ere: Mark Camphouse maisu iparramerikarraren"La Cathédral Résiliante". Partitura 2019ko apirilaren 17an Parisko Notre Dame katedrala suntsitu zuen sutearen ondoren idatzi zuen.

Kontzertuarekin jarraitzeko, Rubén Simeó tronpetistak jardungo du. Gazteak, aurreko denboraldiko azken kontzertuan jo behar zuen, baina konfinamenduaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zen. Rubén tronpeta-jotzaile gisa hasi zen musikan, 8 urterekin. Haur prodigioa izan zen eta orain nazioartean ospea daukan musikari bikaina da. Bere arte bikaina erakutsiko du, lehenik eta behin Arturo Sandoval maisu kubatarraren "Trumpet Concerto Nr.2" lanarekin (Andrés Álvarezen moldaketekin). Jarraian, Simeók bandarekin batera Jean Baptiste Arban konpositore frantsesaren klasiko bat joko du: "Le Carnaval de Venise. Fantaisie et Variations", "Oh mama, mama cara" napolitar herri-melodian oinarritzen dena.

Arriaga Antzokian eskainiko den lehen kontzertua amaitzeko, Robert Jager maisu iparramerikarraren obra mitiko bat entzungo da: "Epilogue: "Lest We Forget". Lan hau Bigarren Mundu Gerraren amaieraren L. urteurrenerako idatzi zuen, biktimen omenez, eta intolerantziaren aurka borrokatu zirenei eskerrak emateko.

Sarrerek 5 euroko prezio herrikoia izango dute (salgai Arriaga Antzokiko txarteldegietan eta webgunean edota Kutxabankeko zerbitzu anitzeko kutxazainetan). 65 urte baino gehiagoko pertsona, erretiratu, pentsiodunek eta Gazte-txartelaren jabeek (14 eta 29 urte artekoak) deskontuak izango dituzte sarrerak erosterakoan. Kolektibo hauetako pertsona bakoitzak 2 sarrera erosi ahal izango ditu, 4 eurotan bakoitza. Hauek zenbakidunak izango dira, ikusleek gustuko eserlekuak hautatzeko aukera izan dezaten.

Kontzertu honen ondoren, banda eszenatokira itzuliko da azaroaren 2an. "Zazpigarren artearen oroitzapena" izeneko kontzertuan Mandonicoren "Omaggio a Nino Rota" eta "Omaggio a Ennio Morricone", Broughtonen "Silverado" eta Alcalderen "The Pawnshop" obrak entzungo dira J. Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren batutapean.