BILBO. Bihar, urriak 7, asteazkena, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bilboko Udal Txistulari Bandak kontzertu berri bat eskainiko du Euskal Museoko klaustroan. Sarrera doakoa izango da, baina ikusleek aldez aurretik hartu behar izango dute euren gonbidapena Euskal Museoaren webgunean. Klaustrorako sarrera Unamuno Plazatik egingo da.

Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi, eta Asier Garcíak denboraldiko bigarren kontzertua eskainiko dute. Okasio honetan, Gorka Zabaletak eta Garikoitz Mendizabalek euren paperak aldatuko dituzte; horrela, hortaz, Zabaletak zuzendari eta txistu lehenaren lanak egingo ditu eta Mendizabalek silbotea joko du.

Emanaldi honetan txistu eta danbolin musika izango da nagusi. Izan ere, berri eta asko izan dira erritmo horietan oinarrituta obrak sortu dituzten musikagileak. Gure tradizioan erritmo berezi asko ditugu: zortzikoak, ezpata-dantzak, biribilketak, kontrapasak€ Baina baita beste kultura batzuetatik geureganatu ditugunak ere. Horien guztien erakusgarri izan nahi du kontzertu honek. Horretarako, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, Federico Corto, Raimundo Sarriegi, George Hamel, Pablo Sorozabal, Eusebio Basurko, Santos Intxausti, Jesús María Bilbao, Pablo Sorozabal, Koldo Basabe eta Jose Ignazio Ansorenaren obrak entzungo dira.

Emanaldi honen ondoren, azaroaren 4an, Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcíak osatutako banda Euskal Museora bueltatuko da. Beste batzuen artean, honako obrak entzungo dira: J.I. Ansorenaren "Deika", Pablo Sorozabalen "Osio bideko Polka", Joakin Osinagaren "V. Tonuko Sonata" (J. I. Ansorenaren moldaketekin), Eduardo Gorosarriren "Suitea lau denboratan" eta Karlos Santxez Ekizaren "Erantzunik gabeko galderak".

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: "Bilboko Udal Txistu Banda" (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin "Harizko Txistua"(2006); "Hala ere" (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; "Bihurrikeritan" (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; "Kantari Gabonetan" (2010) Leioako Kantika Koralarekin; "Plazan" (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin "Gogoeta" eta azkena, "X Urte, hamaika lagun" (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.