BILBO. Guztion ardura da koronabirusaren pandemiari aurre egitea. Bakoitzak bere zeregina du, eta hori dela eta Bilboko Udaltzaingoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera, berrogeialdia egin behar duten pertsonak kontrolatzen hasi ditu.

100 kasu baino gehiago kontrolatu dituzte Bilboko udaltzainek Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) eskatuta (101 guztira). Zehazki, Bilboko Udaltzaingoak du ardura positibo eman duten pertsonak eta pertsona horien harremanak lokalizatzeko; gainera, berrogeialdia betetzen ez denean ere esku hatzen du, eta, Osakidetzak adierazten dionean, ixteko aginduak edo ixteko eskaerak jakinarazi behar ditu ostalaritzako lokaletan.

Zehazki, Bilboko Udaltzaingoak 14 pertsona lokalizatu ditu, COVID-19aren proban positibo emandakoak, eta beste 29 pertsona ere bai, positibo eman duten pertsonekin harremanetan egondakoak. Horrez gain, bakartuta egoteko betebeharra bete ez den kasuetan ere esku hartu du, hain zuzen, 4 kasutan, eta ixteko 54 agindu edo eskabide ere jakinarazi ditu.

"NORMALITATE BERRIKO" ZEHAPENAK

Bilboko Udaltzaingoak 3.665 salaketa egin ditu, guztira, ekainaren 18an alarma egoeraren amaiera agindu zenetik hasi eta irailaren 29ra arte.

Osasuneko sailburuak ekainaren 18an eta uztailaren 15ean emandako aginduen urraketak dira (eta ostalaritzako ordutegiak murriztuz emandako agindu eguneratuena). Haietako lehenak hainbat higiene eta prebentzio neurri arautzen zituen, hala nola pertsonen artean gorde beharreko 1,5 metroko segurtasun tarteak edo ostalaritzako jende kopuruaren mugak, besteak beste. Neurri gehiago eman ziren, berriz, uztailaren 15eko Aginduaren bidez, egoera epidemiologikoak hala eskatzen zuelako. Hala, bada, nahitaezkotzat ezarri zen maskarak erabiltzea, edozein izanda ere pertsonen arteko tartea, eta galarazi egin ziren kalean edateko elkarretaratzeak, bi kasu aipatzearren.

3.665 salaketa horien artean, 2.678 kasu maskara jantzita eroateko betebeharra ez betetzearen ingurukoak dira. Kontu hori da, hain zuzen, salaketa gehien eragiten dituena; ondoren datoz kalean edateko jende talde handiak batzea (354 salaketa), eta ostalaritzan ixteko ordua ez betetzea (72), besteak beste.

FUNTSEZKO ZERBITZUA KRISI SANITARIOAN

Bilboko Udaltzaingoak, funtsezko zerbitzua izaki krisi sanitarioan, zehapenak ezartzeaz haragoko egitekoa bete du. Izan ere, ahalegin handia egin du, hilabete hauetan zehar, arlo hauetan:

  • Osasun zentroen behar bezalako funtzionamendua bermatu.
  • Elikagaiak eta behar-beharrezko beste gai batzuk behar bezala banatzen zirela bermatu.
  • Hiri garraioa behar bezala zebilela bermatu.
  • Osasun Publikoko agintariei laguntzea beren eginkizunak betetzen.
  • Garbiketa Publikoko Zerbitzuei laguntzea beren egitekoak betetzen.
  • Pandemia dela-eta abian jarritako udal antolamendu berezien segurtasuna bermatzea, bereziki etxerik gabeko pertsonei babes emateko antolamenduena.