Bere jaiotzaren urteurrenean

Miguel de Unamuno omentzeko ekitaldia egin du Bilboko Udalak

29.09.2020 | 14:22
Juan Mari Aburto, Unamunoren omenaldian hitz batzuk esaten.

BILBO. Gaur, irailak 29, Miguel de Unamuno idazlearen jaiotzaren 156. urteurrena bete da, eta Bilboko Udalak, urtero bezala, omenaldia egin dio idazlearen izena daraman plazan. Omenaldian Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Udal Korporazioaren ordezkariak hartu dute parte, besteak beste.

Alkateak jendaurreko hitzaldian azpimarratu duenez, "On Miguel filiak eta fobiak sortzen dituzten pertsonaia historiko horietako bat da, baina gauza guztien gainetik, bere bilbotartasuna aldarrikatu behar dugu, haurtzaroan ezagutu zuen Bilbo 'txiki eta polit' harekiko maitasuna, izan ere, orduko Bilbo hura hiria baino herri xumea zen, 20.000 biztanle ingurukoa, eta urte gutxiren buruan, bostez biderkatu zuen ordurarteko biztanleria, bizimodu duinagoa egiteko eskubidea bete nahian gure hirira etorri ziren milaka pertsonaren iritsieraz".

Juan Mari Aburtoren hitzetan, aurtengoa "Unamunoren Eguneko ospakizunik unamunotarrenetakoa da, etorkizuneko erronka handiak gainditzeko gidalerroak taxutu nahian dabilen egungo munduaren existentzialismo-giroan murgildutakoa", eta ildo horretan gogoratu du "Unamunok ere pandemia bat ezagutu zuela duela 100 urte, munduko bizilagunen heren bati eragin zion Espainiako gripea izengoiti okerraz deiturikoa", eta garai hartako politikari ezagun bat deskribatzean, "gripea baino ospetsuagoa" zela idatzi zuela.

Unamuno "pertsona berezi eta errepikaezina, jakintsu bezain polemikoa izan zela" adierazi du Alkateak, "giza-existentziaren barrunbeetan arakatu eta literaturaren zein pentsamendu unibertsalaren historian parekorik ez duten perla bitxiak utzi zituena". Azkenik, Unamuno ezagutzeko modu bakarra "haren obrara hurbildu eta duela ehun urte egokitu zitzaion testuinguru politiko, literario eta filosofikoan ulertzea" dela ziurtatu du.

Ohiturari jarraiki, gaurko ekitaldi instituzional idazlearen izena daraman Zazpi Kaleetako plazan egin da, Unamunoren senideak tarteko zirela. Arratsaldean, ospakizunak Bidebarrietako Liburutegian jarraituko du. Zazpi eta erdietatik aurrera, Maribel R. Fidalgo eta Adriana Paíno Ambrosioren "Bajo luma de mujer" dokumentala pantailaratuko da Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean, eta ondoren, egileek hitzaldia emango dute bertan.