BILBO. Gaur arratsaldean, Bilbao Arenak 'Break on Stage' artista urbanoen ikuskizunen jaialdi ospetsua jasoko du. Hori dela eta, Bilboko Udalak Bilbobusen behin behineko zerbitzu berezia eskainiko du, Plaza Biribilaren ingurutik irten eta Bilbao Arenara joan ahal izateko. Honen helburu nagusia garraio publikoaren erabilera indartu eta sustatzea da, jendeak kotxea alde batera utz dezan autobusez joateko.

Horrela, bada, gaur, larunbata, E7 lineak 17:30etatik 10 minutuko maiztasuna edukiko du eta ekitaldia amaitu bezain laster. Kontzertua amaitzean, autobusak Bilbao Arenatik (Askatasuna/Parkea) abiatuko dira Plaza Biribileraino, Erriberako Merkatutik eta Areatzako zubitik igarota. Zerbitzu hori ere 10 minututik 10 minutura emango da geralekuan jendea geratzen den bitartean.

Beste alde batetik, erabiltzaileak hiriko beste alderdi batzuetara garraiatzeko zerbitzua bizkorrago emateko, 30, 71, 75 eta 76 autobus-lineek beren ibilbidea aldatuko dute "Break on Stage" ekitaldiaren ondorengo minutuetan, Juan Carlos de Gortazar kaleko biribilgunean geraldi bat egingo baitute.

Bilbobus ez da garraio publikoaren aukera bakarra. Horregatik, Bilboko Udalak gogorarazten du Bilbao Arenatik 500 metroko inguruan badirela metro-, tren- edo tranbia-geralekuak, hiriko auzo guztiekin eta hurbileko herriekin konektatuta daudenak. Gainera, taxi-geraleku bat ere jarri da Askatasuna etorbideko 11 zenbakian.

Informazio gehiago eskura daiteke geralekuan, 010 informazio-telefonora deituz edo udal-webgune ofizialean.