BILBO. Hemen da Darabilbo programaren edizio berri bat. Aisialdian euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimen honek berriro heldu da Bilbora, hizkuntza ikasten ari direnen artean zein benetan euskaraz bizi nahi dutenen artean euskara suspertzeko asmoz. Programa hau Bilboko Udalak antolatu du, Euskara eta Hezkuntza Sailaren bitartez eta Hiriko Euskaltegi Sarearen lankidetzaz.

Darabilbo programako jarduerak taldeka egiten dira urte osoan (uztailean eta abuztuan izan ezik) eta hiriko barruti guzti-guztietan. Ekimenak parte-hartzea du oinarri eta ardatz, garapenean nahiz diseinuan, izan ere, erabiltzaileek berek ere jarduerak proposatu ahal dituzte programan sartzeko, 607530132 telefonora whatsapp bidezko mezua igorriz.

Euskarazko doako aisialdi-jarduera hauetan parte hartzeko baldintza bakarra Darabilboren webgunean izena emanda egotea da, eta 16 urte baino gehiago izatea (familiako jardueretarako izan ezik).

Darabilbo programa 2013an abiarazi zen, eta harez gero, era askotako jarduerak programatu ditu; hala nola, Hiriko museo nagusietarako bisita gidatuak; garagardo, ardo, kafe zein olio dastaketak; sukaldaritza, eskulan, argazkilaritza, autodefentsa edo teknologia berrien tailerrak; antzerki emanaldiak zein euskal dantza-ikuskizunak, edota antzerki, literatura nahiz eta energia berriei buruzko solasaldiak, besteak beste.

Oraingo honetan, bihar hasita, eguena, hilak 17, Darabilbok doako jarduera hauek antolatu ditu, iraileko aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko:

  • Osteguna, hilak 17 | 20:00etan. Cava ardoei buruzko dastaketa tailerra, Jon Martinez somelierraren eskutik. "Begoñako" Elkarte Gastronomikoan.
  • Astelehena, hilak 21 | 18:00etan. Gozogintza tailerra. Taloa (6 lagunentzat), Iker Fernández Vítoresen eskutik. Lord Cupcake (Indautxu part., 3).
  • Osteguna, hilak 24 | 20:00etan. Euskal Herriko ardo beltzei buruzko dastaketa tailerra, Jon Martinez somelierraren eskutik. Bira Kultur Gunea (Erronda, 2).
  • Astelehena, hilak 28 | 18:00etan. Gozogintza tailerra. Taloa (6 lagunentzat), Iker Fernández Vítoresen eskutik. Lord Cupcake (Indautxu part., 3).
  • Asteartea, hilak 29 | 19:30etan. "Euskararen bidegurutzeak" izenburuko solasaldia, Kike Amonarrizen eskutik. Bira Kultur Gunea (Erronda, 2).