Urriaren 2tik 11ra

Urrian ospatuko da Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdia

16.09.2020 | 04:00
Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Ja! jaialdiaren kartela.

BILBO. Urriaren 2tik 11ra bitartean ospatuko da Bilbon Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren hamaikagarren edizioa. Egun horietan zehar hitzaldiak, proiekzioak eta elkarrizketak egingo dira.

Lehenbizikoz eta egoera bereziak eraginda, Ja! jaialdiaren egitaraua Filarmonika Aretoan garatuko da, Bilboko Elkarte Filarmonikoaren egoitzan, alegia. Filarmonikoaren ganbera-aretoa Europako zaharrenetako bat da. 1904an eraiki zuen Fidel Iturriak, eta duela gutxi eraberritu dute. 910 ikusle har ditzake, baina % 60 murriztuko du edukiera, Covid-19aren prebentzio-neurriak betetzeko eta bertaratuentzako espazio erabat segurua lortzeko.

Halaber, helburu horrekin ere, beste hainbat neurri ezarriko dira: eserlekuak hiruzuloka antolatu dira; sarrera-ate guztiak irekita egongo dira beti, kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin; megafonia bidez azalduko da aretotik ateratzeko modua, ahalik eta modurik ordenatu eta seguruenean egin dadin; eta saio bikoitza dagoen egunetan, atsedenaldia ohikoa baino luzeagoa izango da (45 minutu), desinfektatzeko denbora nahikoa egon dadin. Era berean, behin aretora sartuta, bertaratuek ezingo dute musukoa kendu, eta liburuak areto handian sinatuko dira, dagokion segurtasun-tartea mantenduta.

EGITARAUA

Inaugurazioa urriaren 2an izango da, Euskal Museoan, eta arratsalde horretan bertan emango zaio hasiera jaialdiari, Filarmonika Aretoan. Dario Adanti komikigile argentinarra eta Alba Carballal idazlea, umorearen bi profesional, epidemien aurrean atera ohi zaigun irri urduri horren gainean mintzatuko dira. Preseski, elkarrizketaren izenburua 'El humor en la pandemia' da.

Hurrengo egunean, Carlos García Gual eta Berta Vias Mahou literatoek hartuko dute parte, eta mitologiaz mintzatuko dira, umorez, ironiaz edo sarkasmoz betetako arlo bat, hain justu. Entzuleei ikusaraziko diete jainko-jainkosek eta pertsonaia mitologikoek txantxak eta, oro har, olgeta gustuko dituztela. Haien ondoren, larunbatean bertan, Martín Caparrós eta Aixa de la Cruz konfinamendu luzean zehar umoreak izandako rolaz arituko dira; izan ere, produktu kulturalen (liburu, film zein musika) kontsumoa izugarri igo zen itxialdian.

Igandean, magiaz beteko da Filarmonikoaren eszenatokia, Imanol Ituñoren trukoekin. Haren ikuskizuna, 'Magia parrastan', familiei zuzentzen zaie, euskaraz garatzen da guztiz eta karta, bola eta soken jokoak, agerpenak eta desagerpenak biltzen ditu. Igandeko saio bikoitzari amaiera emateko, Carolina Ontiverok, Ja! jaialdiko zuzendari-laguntzaileak, elkarrizketa egingo dio Marta Sanz idazleari. Haren ibilbidea berrikusiko dute, egunkari-artikuluz, entseguz, poema-bildumez eta eleberriz osatutakoa eta umorez jositakoa. Egin-eginean ere, idazleak ironia, satira eta parodia erabiltzen ditu, "amorrua sorrarazten" dion hori salatzeko, eta haren azken liburua, 'Pequeñas mujeres rojas', horren erakusgarri da.

Urriaren 8an (osteguna) jarraituko du Ja! jaialdiak, eta aurrekoetan bezala, irratsaio bat grabatuko da. Azken bi urteetan, Javier del Pinok 'A vivir' (Ser katea) aurkeztu zuen BBK Salaren eszenatokian; aurten, berriz, 'La Cultureta' (Onda Cero) irratsaioko protagonistak bertaratuko dira Filarmonika Aretora, gaurkotasun kulturala jorratzeko haien ohiko umorearekin. Ruben Amon, Guillermo Altares, Rosa Belmonte, Sergio del Molino eta Isabel Vazquez kazetari eta idazleek ere parte hartuko dute, programaren "erreserba handiko" edizio honetan.

Ostiralean, saio bikoitza izango dugu berriz ere. Elvira Roca Barea idazleak eta Rosa Belmonte kazetariak Benito Perez Galdos idazle fin, ironiko, burlari eta, zenbaitetan, garratzaren obren umoreari buruz hitz egingo dute. Jardunaldia amaitzeko, 'Tirad sobre el humorista' izenburupean, eztabaidan arituko dira Raul Cimas eta Edu Galán, eta "Woody Allenen sindromea" izango dute hizpide, besteak beste. Hala deitzen dio Galanek bere azken liburuari ('El síndrome Woody Allen'), eta baita sare sozialen eta Interneten bidez sustatutako lintxamendu publikoei ere, sare sozialak zein Internet gure esku baitaude guztiak egundoko hedapena izan dezan.

Pantomima Full duoak umorea nola ulertzen duen azalduko du (hau da, zuria eta kostunbrista), Borja Crespo zinemagilearen galderei erantzunez. Alberto Casado eta Rober Bodegas urbanita arruntaz mintzatuko dira: 20 eta 40 urte bitarteko belaunaldia, batez ere Internet bidez komunikatzen dena. Hura eta haren higuinak, apetak eta hil eta biziko kezkak parodiatuko dituzte.

Eta Ja! jaialdiaren hamaikagarren edizioari amaiera emateko, Ines París zinemagile eta gidoilariak ('A mi madre le gustan las mujeres'; 'Semen, una historia de amor'; 'La noche que mi madre mató a mi padre') haren gustuko filmak aurkeztuko dizkigu, eta gogokoen dituen umorezko hamar sekuentziez hitz egingo du Juan Basekin. Aurreko zazpi edizioetan, Fernando Trueba, Isabel Coixet, Pedro Olea, Imanol Uribe, Borja Cobeaga, Pablo Berger eta David Trueba zuzendariek haien sekuentziarik gustukoenak azaldu zizkiguten jada.