BILBO. Abando, Begoña, San Frantzisko eta Otxarkoagako udaltegiek Expodistritoko sei erakusketa ibiltari jasoko dituzte urtarrilera arte. Koronabirusaren pandemia dela eta, beste udaltegietan egin ohi diren erakusketak bertan behera geratu behar izan dira.

Expodistrito kultur programako erakusketak ibiltariak dira. Hau da, barrutietako udaltegi batetik bestera joango dira, urtarriletik aurrera, lau barruti horietako bizilagunengana heltzeko.

Edizio honetako egitarauko artistak hauek dira: Antton Jauregizuria (argazkigintza), Itziar Ferreruela (pintura), Leticia González (pintura) eta Felipe Manterola (argazkigintza). Gainera, ahoaz edo oinaz margotzen duten margolarien elkartearen erakusketa bat eta José Luis Campos eta Joaquín Dacosta artisten (pintura eta eskultura) atzera begirako erakusketa programatu dira.

Guztiak sarrera librekoak dira. Bisita-orduak esteka honetan begiratu daitezke.

ERAKUSKETAK, ESPAZIOAK ETA DATAK

Antton Jauregizuria (argazkigintza)

Bisitatu daitekeen lana 80ko hamarkadan egindako argazki batzuetan oinarritzen da. Bizkaiko Labe Garaiak eraitsi gabe zeuden artean. Argazkiei egilearen elementu subjektiboak gehitu zaizkio, baita aurreko belaunaldietako kontakizun batzuen irudiak ere.

  • Irailaren 15etik 29ra. Otxarkoagako udaltegia.
  • Urriaren 1etik 15era. San Frantziskoko udaltegia.
  • Azaroaren 3tik 17ra. Abandoko udaltegia.

Itziar Ferreruela (pintura)

Erakusketa honetan, "Figuraren mugimendua eta figura mugimenduan", marrazkia, kolorea eta flamenkoa elkartuko dira. Gorputz-lengoaia propioa, pintzelkada bakoitzean dagoena, sentimenduez eta emozioez hitz egiten duena.

  • Irailaren 15etik 29ra. Begoñako udaltegia.
  • Azaroaren 19tik abenduaren 3ra. San Frantziskoko udaltegia.
  • Abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra. Otxarkoagako udaltegia.

Leticia González (pintura)

"AcuarelArte" erakusketan, Leticia González akuarela-egile bilbotarrak, akuarelaren teknikaren bidez, Bilboko itsasadarreko paisaia ezagunez gain, ikuspegi alternatibo bat duten obrak eskaintzen ditu, collagea eta testura ezberdinak erabiliz.

Bere pintura-estudioan, artista honek (Euskal Akuarela-egileen Elkarteko kidea denak) eboluzionatu egin du: argazkigintzaren pareko arte batetik, izaera garaikidea duen arte libre batera.

  • Urriaren 1etik 14ra. Begoñako udaltegia.
  • Urriaren 19tik 30era. San Frantziskoko udaltegia.
  • Azaroaren 19tik abenduaren 3ra. Otxarkoagako udaltegia.
  • Abenduaren 7tik 18ra. Abandoko udaltegia.

Felipe Manterola (argazkigintza)

Felipe Manterolak erretratatzen duena Bizkaiko baserri giroko gizartea da, baina industrializaziorako prestatzen ari dena eta, horrenbestez, garraiobide berrietarako ere bai. Baserritik hirira joateko prozesua erakusteaz gain, jendea, umeak, dibertitzeko moduak, janzkera, kameraren aurrean duten jarrera... erakusten dizkigu argazkilari saiatu honek, jakinminak bultzatuta.

  • Irailaren 15etik 29ra. San Frantziskoko udaltegia.
  • Abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra. Abandoko udaltegia.

José Luis Campos eta Joaquín Dacosta (pintura eta eskultura)

Erakusketa hau bi egileren lanaren atzera begirako erakusketa da. Zenbait aro, zenbait estilo, zenbait teknika, zenbait gai eta zenbait material.

  • Azaroaren 3tik 17ra. Begoñako udaltegia.
  • Abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra. San Frantziskoko udaltegia.

Ahoaz edo oinaz margotzen duten margolarien elkartea (pintura)

Ahoaz edo oinaz margotzen duten margolarien elkartea 1957. urtean sortu zen. Orduan, Erich Stegmann margolariak, Europako 8 herrialdetako zenbait artista desgaiturekin batera, elkarte hau sortu zuten, elkarri laguntzeko. Helburu nagusia euren lana merkaturatzea zen, euren koadro originalak egutegietan, zoriontze-txarteletan, laminetan eta liburuetan ilustrazioetan erreproduzituz. Ekimen honen emaitza mundu osoko mugimendu artistiko bat izan zen. Gaur egun 74 herrialdetan daude eta 800 kide inguru dituzte.

  • Irailaren 15etik 29ra. Abandoko udaltegia.
  • Abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra. Begoñako udaltegia.

EXPODISTRITO

Expodistrito programa Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimen bat da. Uriko adierazpen artistikoak deszentralizatu nahi ditu, eta artista berrien lana jendeari aurkeztu, baita kontsakratuta dauden beste artista batzuen erakusleiho izan ere.

Ohikoa den moduan, erakusketak txandakatu egingo dira. Bakoitzaren data udaltegietan, barrutietako kultur programazioa jasotzen duen web-orrian (www.kulturabarrutik.eus) eta 010 telefonoan kontsultatu daiteke.