BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdi ekonomikoaren kalteak gutxitzeko asmoarekin, Bilboko Udalak aholkularitza espezializatua eskainiko die 50 langile arteko enpresei.

Zerbitzua alor edo alderdi hauek ezagutu edo sakondu nahi dituzten Bilboko enpresei zuzenduta dago: erosketak, hornikuntza eta logistika; ordainketa eta kobrantza digitalen metodoak; komunikazioa; joera digital eta kontsumo edo merkatuko joera berriak; merkataritza eta salmentak; Interneteko segurtasuna.

Zerbitzu hau irailean hasiko da, eta irailaren 15ean, asteartean, goizeko 9:00etan, bigarren online hitzaldia egingo da, berriro ere hizlari adituekin. Uztailaren 15ean sarrera gisa egindako lehen webinarraren ondorik, Bilbao Ekintzaren zuzendari nagusia, Javier Garcinuño, izango da berriz ere hitzaldiaren berbaurrea egiteko eta hura moderatzeko arduraduna. Bertan izango dira Francisco J. Aspiazu, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren (Cebek) idazkari nagusia, Bernat Figueras, PwCko aholkularitza estrategikoaren arloko negozioaren bazkidea eta Xavier Marcet, Lead to Change izeneko entitatearen presidentea.

Bigarren webinar honen helburua izango da osasun krisiak eragindako egoeraren berri ematea eta argazki benetakoa eta eguneratua aurkeztea, eta aholkularitza zerbitzu berriaren indarguneak azaltzea. Eztabaidaren amaieran, parte hartzen duten enpresek esku hartu ahal izango dute.

Bilbao Ekintza udal sozietateak Cebek erakundearekin lankide jardunik antolatu duen webinar hau Bilboko Udala suspertzeko premiazko neurrien "Bilbao Aurrera" izeneko Planaren parte da.

Online hitzaldian parte hartu nahi duten enpresa guztiek izena eman dezakete esteka honetan dagoen formularioaren bidez: esteka

'BILBAO AURRERA' PLANA

#BilbaoAurrera deritzon Plana Larrialdi Sozial, Ekonomiko eta Kulturaleko programa bat da; 15 milioi euroko aurrekontua du eta 50 neurri baino gehiago biltzen ditu covid-19ak osasunaren eta ekonomiaren alorretan pertsonengan eta enpresetan eragiten dituen ondorioak arintzeko eta ekonomia suspertu eta indartzeko. Plan hau Bilboko Udalean diren talde politiko guztiek prestatu eta adostu dute.

Beste neurri ekonomiko batzuen artean, babes-materiala erosteko zuzeneko laguntzak onartu dira, covid-19arekin loturik dauden segurtasun-protokoloetatik eratorritako gastuei aurre egite aldera; laguntza horiek ETEei, mikroenpresei eta autonomoei zuzenduta daude, eta aurrekontua, guztira, 500.000 eurokoa da. Pizgarri fiskalak enpresentzat xedaturik daude, eta zergetan eta tasetan murrizketak eta hobariak aplikatzeko sorta bat dakarte; horrek eragin ekonomikoa izango du 3 milioi eurotik beherako diru-sarrerak dituzten enpresei dagokienez.

Halaber, Bilboko eskualdeetako merkataritza-elkarteei ematen zaizkien diru-laguntza izendunak % 100 handitu dira, eta orain 276.000 eurora iritsi da kopuru hori. Helburua da Bilboko auzoetan merkataritza-jarduera dinamizatzeko eta kontsumoa sustatu eta sendotzeko ezohiko ekintzak bultzatzea, bai eta tokiko elkartegintza indartzea ere, elkarteok egiten duten lan garrantzitsuagatik.

Era berean, ekainean, bitartekaritza-zerbitzua jarri zen abian, pandemiaren eragina jasan duten merkataritza-lokalen eta/edo negozioen alokairuaren ordainketari buruzko akordioak errazte aldera. Zerbitzuaren helburua ondokoa da: bi alderdien arteko akordioak adiskidetasunezkoak eta bi alderdiontzako onak eta egokiak izatea eta akordio horiek guztiak erraztea; horren guztiaren helburua jardueraren jarraipenean laguntzea da, eta bide judiziala bazterturik geratzea.