BILBO. Emakume askok jasan egiten dituzten sexu-erasoak ekiditzea du helburu EraStop / AgreStop aplikazio mugikorrak. Orain arte 23.000 deskarga baino gehiago ditu, eta InfoBilbao udal informazio-buletinak bere azkenengo alearen portada eskaini dio.

InfoBilbao berri honen 150.000 ale banatuko ditu guztira, gehienak etxez etxe, postontzietan sartuta, eta gainontzekoak udal zentro eta ekipamenduen sarearen bitartez (Udaltegiak, kiroldegiak, liburutegiak...). PDF formatuan ere eskura daiteke bilbao.eus webguneko "Udalaren argitalpenak" atalean.

2009az geroztik, Bilboko Udalak indarkeria matxista prebenitzeko eta horren aurka sentsibilizatzeko estrategia bat dauka, eta horrexetan parte hartzen dute Udaleko Berdintasun, Gizarte Ekintza eta Herritarren Segurtasun sailek.

Udal estrategia honek hainbat ekintza, zerbitzu eta baliabide ditu emakumeak indarkeria matxistaren aurka artatu eta ahalduntzeko, baita komunitate zein gizarte-hezkuntza mailako programak eta tailerrak ere, prebentzioa eta sentsibilizazioa adin-tarte guztietan sustatzeko, bereziki gazteengan eta 65 urtetik gorakoen artean.

Zeharkako ekimen gisa, Bilboko Udalak EraStop / AgreStop aplikazio mugikorra ere eskaintzen du. Honi esker, erasoren bat gertatuz gero, Udaltzaingoari jakinarazi ahal zaio zuzen-zuzenean, telefonoz detu beharrik gabe.

Orain arte, EraStop / AgreStop aplikazioak 23.000 deskarga baino gehiago izan ditu, eta oso erabilera erraza du, hiru botoi hauen bitartez:

  • "Eraso bat jasaten ari naiz". Larrialdietako botoia da. Sakatzean, seinale bat bidaltzen zaio Poliziari berehala, pertsona non dagoen adierazita.
  • "Salatu eraso bat". Indarkeria-ekintza ikusten duen edozeinek salatu ahal du. Sakatzean, Udaltzaingoak alerta bat jasoko du erasoaren kokapenarekin.
  • "Etorri nirekin". Emakumea etxera doan bitartean, kontaktuek lagun egin ahal diote mapa birtual baten bitartez. Uneren batean bidetik aldendu edo ez duela aurrera egiten ikusten badute, Udaltzaingoari deitu ahal diote.

EraStop / AgreStop erabiltzeko, aski da aplikazioa deskargatu eta datu pertsonalak sartzea, telefonoa geolokalizatzearren. Lehen aipatutako "Etorri nirekin" aukeran parte hartu nahi duten kontaktuen datuak ere sartu behar dira.

EraStop / AgreStop aplikazioari buruzko InfoBilbao berri honetan, indarkeria matxista prebenitzeko eta horren aurka sentsibilizatzeko udal estrategiari atxikitako ekintza eta programa nagusiak zehaztu eta horretan parte hartzen duten Bilboko Udaleko zerbitzuekin harremanetan jartzeko bideak bildu dira (telefonoa, posta elektronikoa...).

Azkenik, argitalpenean ageri diren QR kodeen laguntzaz, EraStop / AgreStop deskarga daiteke Android eta iOS sistema eragileak erabiltzen dituzten gailu mugikor guztietan.