BILBO. Martxan dira dagoeneko Errekaldeko errugbi zelaiko instalazioetan egingo diren lanak. Atzo, hilak 15, asteazkena, hasi egin ziren obrak. Bilboko Udalak, Bilbao Kirolaken bidez, aldageletan, komunetan eta erabilera askotarako espazioetan egingo ditu hobekuntzak.

Ekipamendu berriak estalitako tribunaren azpian dagoen 271 metro koadroko eremu diafanoan egongo dira.

Beroketetarako gela (58,70 m2), 1. aldagela (39,78 m2), 2. aldagela (36,14 m2), 3. aldagela (50,97 m2), 1. komuna (11,54 m2), 2. komuna (11,76 m2), 3. komuna (4,07m2), epaileen 1. aldagela (5,61 m2), epaileen 2. aldagela (5,61 m2), epaileen aldageletako gunea (9,85 m2), ur beroaren instalazioa (33,63 m2), biltegia (3,58 m2), altzariak eta WIFIa ipiniko dira.

Lanak 3 hilabetez luzatuko direla uste dugu, urriaren erdialdera arte, gutxi gorabehera. Udalaren inbertsioa 355.448 eurokoa izango da, BEZ barik.

HERRITARREN EKIMENA

Lan hauek Errekaldeko kiroldegiko errugbi-zelaiko estalitako tribuna osatzera datoz. Tribuna 2019ko urtarrilean inauguratu zen, parte-hartze bidezko aurrekontuei esker eraiki ondoren.

Harmaila azpiko barne-espazioa erabiltzeko bigarren fase hori Udalak 2020ko parte-hartze bidezko aurrekontuen programan hartutako konpromisoetako bati dagokio.

Parte-hartze bidezko Aurrekontuak prozesu ireki bat da, herritarrek uriko bizimoduaren kalitatea hobetzeko proposamenak eta ekimenak egin ditzaten. Bilboko Udalak bi milioi euro bideratu ditu programa honetara, guztien artean garrantzitsuenak diren ekimen bideragarriak gauzatzeko.